Markina-Xemeingo Kuadrilla Eguna, lagunartean ikuskizuna emateko prest
Kuadrillen Eguna berezia da markina-xemeindarrentzat. Lagun artean bazkaldu eta Zelai bete jende egon ohi da jaietako zapatua girotzen. Beste urte batez, Herritxouak gatza eta piperra jarriko dio egunari.
Lagunak, herri bazkaria eta ikuskizuna emateko gogoa. Horiek dira Karmen jaietako Kuadrilla Egunaren osagai nagusiak.
Goizetik Zelaian batzen dira kuadrillak bazkaria prestatzeko; zein bere kamisetekin, koloretsu apaintzen dute Zelaia. Giro ona bermatuta dago urtero, eta baita barre algarak ere. Herritxouak ez du inor epel uzten, eta herritarrentzat hain egun berezia den horretan, huts egin ezinezko ekitaldia da. Iaz, esaterako, 2.700 pertsonek hartu zuten Zelaia.
Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatearen berbetan, «polita da herri erdian batzea adin, genero eta jende desberdina, danak batera». Egun honi itxaroten egiten direla dio: “Markina-Xemeinek daukan ekitaldirik bateratsuena, jendetsuena eta herrikoiena da. Egun berezia da, gune berezia da. Beti daude eguraldiaren menpe; orain dela zortzi urte bertan behera utzi behar izan zen euriagatik. Momentuz aurreikuspenek eguraldi ona edukiko dugula diote”.
Azken zazpi urteotan Herritxoua aurkeztu eta bertan parte hartu du Egurrolak, eta ikuskizuna ematera ateratzen direnen jarrera «txalogarria» goraipatu eta eskertu du: “Herriko zein beste herri batzuetakoek oso ondo pasatzen dute. Kanpoan bizi diren markina-xemeindarrek edo arbasoak hemen dituztenak hurbiltzen dira eta inguruko herrietatik ere Herritxoua ikustera etortzen dira. Sortzen den giroa ikusgarria da”.
Abarka antzerki taldekoak arduratzen dira ikuskizuna prestatzeaz. Rakel Dominguez eta Rakel Anitua izango dira aurkezleak aurten. Musika, koordinazioa eta antolakuntzako beste lanetan antzerki taldeko kideak ariko dira, beste behin. “Aurten bi neskak egitea oso ondo iruditzen zait; gidoiari euren kutsua jarri diote. Egindako lanagaz oso gustura gaude”.
“Markina-Xemeingo ekitaldirik bateratsuena, jendetsuena eta herrikoiena da”
Jaietan gabezi bat zegoela ikusi, eta orain dela zortzi urte jaio zen Herritxoua. Orduan, baina, herri bazkaria modura, bertan behera utzi behar izan zuten euriagatik… “Oso polita da; borondatez eta ilusio guztiagaz egiten dugu. Jendeari barre eragiteko eta ondo pasatzeko gogoz gaude aurten ere. Aurten musika aldetik beste ukitu bat eduki du;beste dinamika batzuk prestatu ditugu”. Agertokian Eneko Arrate eta Egurrola bera ere egongo dira aurkezleei laguntzen.
Herritxoua indartu eta zer edo zer desberdina eskaintzeko asmoz, ikuskizunaren aurretik Jon Martinez Txiki-ren bakarrizketa izango dute. Euskararen aldeko apustua egin dutela azpimarratu du alkateak. Halere, Herritxouan musika euskaldunak, espainiarrak zein nazioartekoak bat egingo dutela gogora ekarri du. “Denetik egongo da”.
Herritxouaren aurretik zein ondoren ere musikak bere lekua edukiko du. Bazkalostean, Motxaia Band elektrotxarangak girotuko ditu kaleak, eta gauean, Oxabiren erromeriak dantzan jarriko ditu parrandazaleak.
5. edukiontzia. Berritasun nagusietako bat, 5. edukiontzia izango da. “2.700 pertsonagaz kontziente izan behar gara hondakin asko sortzen dela. Mankomunitateagaz adostu dugu zabor bilketa eta aurten 5. edukiontzia edukiko dugu. Paelletan sobratzen zaiguna, dena mahaietan utzi eta paper horregaz bertara bota ahal izango dugu. Beste edukiontziak ere inoiz baino gehiago egongo dira”.
Jai Batzordeak zein udalak, beste behin ingurunearekiko errespetua eskatu dutela gogora ekarri du Egurrolak:”Denon arteko jai bat izatea gura badugu, denok erantzukizunez jokatu behar dugu, bai muntaketan, bai garbiketan, bai edukiontzi denak behar moduan erabiltzen. Arduraz jokatu behar dugu garbitasuna eta ordena edukitzeko jai giro honetan”.
09:00etan kuadrilla bakoitzetik bi pertsona egon behar dira mahaiak muntatzeko. “Montaketara gero eta jende gutxiago datorrela ikusten da. Denon zeregina da; ezin dugu egin batzuk beste batzuk egiten ez duten lana”.
Bestalde, herrian erositako produktuekin paellak egitea ere sarituko dute beste behin. Herrian kontsumo handiena egin duen kuadrillari emango diote saria eta herritxouko sariak ere herriko dendetan gastatzeko bonuak izango dira.