Markina-Xemein eta Mutriku, Euskal Herriko Zesta-Puntako Herriarteko txapelaren bila
Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolak eta Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteak Euskal Herriko Zesta-Puntako Herriarteko Txapelketaren finala jokatuko dute barikuan [uztailak 12]. Pilota jaialdia Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko dute, 18:00etan hasita.
Finalerdietako ligaxkan Araba kanpoan utzi ondoren, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldunek jokatuko dute finala. Ohi modura, kadete, gazte eta nagusien mailan neurtuko dituzte indarrak bikoteek. Ez dago faborito argirik. Horrenbestez, hiru partiduak oso lehiatuak eta interesgarriak izango direla aurreikusten da.
Markina-Xemeingo eta Mutrikuko ordezkariek azpimarratu dutenez, finala irabazteko gakoa gazte mailan egon liteke. Mutrikuarrek kadete mailako puntua lortzeko bikote oso indartsua dute, eta markina-xemeindarrek, berriz, nagusi mailako bikote oso lehiakorra dute.
Jaialdia kadete mailako norgehiagokarekin hasiko da. Markina-Xemeingo Aner Araskitainen eta Luken Iriondoren aurka nor baino nor indartsuago ariko dira Mutrikuko EƱaut Urreisti eta Alain Basterretxea. Gazte mailan, berriz, Markina-Xemeingo Alex Goitiandiaren eta Gorka Mugartegi Atain-en aurka jokatuko dute Mutrikuko Zuhaitz Arrillagak eta Aratz Mendizabal Goixerri-k. Azkenik, nagusi mailan, Markina-Xemeingo Jokin Arberen eta Jon Mandiolaren aruka neurtuko dituzte indarrak Mutrikuko Aitor Andonegik eta Mikel Manzisidorrek.