Karmen jaietako Tourrari ekin diote markina-xemeindarrek
Jabi Gorbea Txirrindulari Elkarteko kideak irakurri du pregoia; Manu Nolla izan du ondoan, txupina botatzearen arduradun. Markina-Xemeingo Udalaren oroigarria jaso dute Txirrindulari Elkartekoek.
Pedalkaden erritmoan hasi dituzte Karmen jaiak gaur [uztailak 12] arratsaldean markina-xemeindarrek. Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartea izan da aurten jaietako pregoilari, eta ilusioz bete burutu dute egitekoa. Elkarteko kide eta txirrindulariek bete dituzte udaletxeko balkoiak, pozik.
Jabi Gorbea Txirrindulari Elkarteko kideak irakurri du pregoia, eta txirrindulari taldeak dituen 42 urte hauetan hamaika lasterketa antolatu, hainbat kategoriatako taldeak aurrera eraman, eta garaipen, eroriko, pasadizo eta kontu bitxi izan dituztela gogora ekarri du, eurentzako pregoilari izatea ohore bat dela azpimarratuz. “Belaunaldi askotako neska-mutilak pasatu dira taldetik eta horietako asko hemen bildu gara aurtengo jaiei hasiera emateko”.
Karmen jai hauek bost etapatako Tourra izango direla esan du Gorbeak. “Ziur gaude txupinaren ostean egiten den bizikleta poteoa aurten berezia izango dela, zalantzarik gabe hor hasiko delako gure Tourra, pedalei eraginez”.
Karmen jaiei hasiera ederra ematea opatuz, gomendio batzuk ere luzatu dituzte: “Anoa guneetan indarrak bete, taldeka edo erreleboka dena errazagoa da, eroriz gero azkar altxatu, atsedena hartu, lagunak babestu, ibilbidea aztertu, norbere indarrak aztertu eta ondo kudeatu, egunen bat markatua izan eta uste bezala ez bada atera ez etsi, badaude egun eta aukera gehiago eta sufritu, errekuperatu eta, batez ere, gozatu”. Azkenik, mutil zein neska, berdintasunean eta errespetuan oinarritzea eskatu du.
Gorbearen ondoan egon da balkoian Markina-Xemeingo eta inguruetako txirrindulari guztiek ondo baino hobeto ezagutzen duten Manu Nolla Ziklos Manu bizikleta dendakoa. Nollak esan duenez, 42 urte darama bizikleta munduari lotuta, eta umore onez hartu du txupina botatzearen ardura.
Markina-Xemeingo Udalaren oroigarria ere jaso dute Txirrindulari Elkartekoek. Udalak aitorpena egin dio elkarteari eta 1977tik gaur egunera arte egindako ibilbide oparoari. Elkarteak antolatu dituen lasterketez gain, bertatik igaro diren txirrindulari guztiei eta urte hauetan guztietan Markina-Xemeinen txirrindularitzaren inguruan lanean jardun duen pertsona orori aitortza egin nahi izan diete.
Txistulari, buruhandi eta erraldoien kalejirak alaitu du txupinaren ondorengo giroa, eta bizikleta gainean zeuden kuadrillak ere lehen pedalkadak ematen hasi dira.
Danbor hotsak zabaldu ditu gauean danborradak. Aurten zaldi barik zeharkatu ditu Markina-Xemeingo kaleak. Ikurrina izan da protagonista eta bidea zabaldu duena, bera eramaten danborradako txikienak. Xemeindik udaletxe aurreraino eraman dute danbor doinua, eta ohorezko aurreskuaren ostean, udaletxeko balkoitik gidatu dituzte danborjoleak zuzendariek. Markina-Xemeingo ereserkiagaz eman diote amaiera.
Paellada. Ondo pasatzeko aukera nahikoa edukiko dute datozen egunetan markina-xemeindarrek bai eta jaiekin gozatzera kanpotik datozen festazale guztiek ere. Bihar [uztailak 13] Kuadrillen Eguna ospatuko dute, eta beste behin ere, bete-bete egingo da Zelaia.
09:00etan hasiko da herri bazkarirako mahaien muntaia, eta kuadrilla bakoitzeko bi lagun agertzea eskatu du udalak. Bazkaria egiteko eta bazkaltzeko lekuak zozketa bidez erabaki dira, eta planoen bidez zabaldu dute informazioa.
[MAHAIETAKO PLANOA ETA SUKALDATZEKO GUNEA]