Artea eta umeak protagonista Markina-Xemeingo Karmen bezperan
Margo lehiaketa egin da lehen aldiz, eta 32 artistek parte hartu dute. Ciudad Realgo Javier Martin Aranda izan da irabazlea. Jolasekin gozatu dute umeek.
Artez eta jolasez bete dira gaur [uztailak 15] Markina-Xemeingo kaleak. Alde batetik, lehenengoz aire libreko margo lehiaketa egin da herrian, ibilbide eta guzti, eta herritarrek 32 artisten lanekin gozatzeko aukera izan dute. Bestalde, jaietako Umeen Eguna izan da gaurkoa eta jolasekin ondo pasatzeko aukerarik ez dute galdu herriko ume eta gaztetxoek.
Espainiako eta Herrialde Katalanetako (Ciudad Real, Madril, Bartzelona, Murtzia, Girona, Alacant), Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako bai eta herriko artisten obren prozesu osoa, sorreratik amaierara arte, jarraitu ahal izan dute herritarrek. Teknika ezberdinak erabiltzeko aukera eduki dute artistek, eta zelan lan egiten duten miresten ibili dira batetik bestera herritar asko. Izan ere, margo lehiaketa jarraitu ahal izateko ibilbidea prestatu du udalak. Herriko planoak banatu dituzte artisten kokapena zehaztuta, eta txoko batetik bestera ibilbide bat jarraitzeko aukera egon da.
09:00etan abiarazi dute I. Margo Lehiaketa eta 17:00ak arte eduki dute artistek entregatzeko epea. Lanak Uhagoneko lorategian egon dira ikusgai eta erakusleku zoragarrian mirestu ahal izan dituzte obrak herritarrek. Bertan ibili dira hiru epaimahaikideak ere. Herriko hiru artistak osatu dute epaimahaia: Ignacio Goitia Iriondok, Jose Pablo Arriaga Arrizabalagak eta Nerea Unanua Otxoantesanak. Adierazi dutenez, maila handiko artistak batu ditu lehiaketak, eta hiru sarituak aukeratzeko lan handia eduki dutela aitortu dute. 19:00etan jakinarazi dute epaia. Epaimahaiak hala erabakita, Javier Martin Arandarena (Ciudad Real) izan da gaurko lanik onena. Irabazleak hurrengoak izan dira:
- Helduen kategorian:
1. saria: Javier Martin Aranda (800 euro).
2. saria: Antonio Darias Martinez (500 euro).
3. saria: Ricardo Azkargorta (400 euro). - Gazteen kategorian:
Txikien maila, 0-12 urte: Ainara Bereziartua Lazaro (pintura materiala).
Gazte maila, 13-17 urte: Ainhoa Agirregomezkorta Ramos (pintura materiala). - Herriko lehenengoa: Eugenio Barrenetxea Duralde (150 euro).
Irabazleez gain, aipamen berezia ere egin diete beste hiru artisteri: Leticia Gaspar Garcia (Bilbo), Luis Puiggros (Bartzelona) eta Julio Gomez Mena (Leioa).
Aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat egingo da kulturgunean bertan, uztailaren 17an hasi eta uztailaren amaierara arte. Koadroak ikusi eta erosteko aukera ere egongo da.
Parkea. Goiz eta arratsalde ume eta gaztetxoz bete egon dira Zelaia eta inguruak. Kemen elkartearen eskutik kirol egokituan saiatu dira, puzgarrietan nahikoa salto eman dituzte eta egurrezko jolasetan ere aritu dira. Toka jokoan ere norgehiagoka egon da. Txapari ematen trebeak izan dira batzuk eta berdinketa ere egon da.
Musikaz girotuta egon da jai gunea. Trikitixa Eskolakoek jarri diote doinua goizari. Alarabigaz eta erraldoi eta buruhandiekin lagunduta irten dira, eta alaitasunez bete dute herria.
Umeak ez dira jokoak batu dituen bakarrak izan. Frontoi txikia kartazalez lepo egon da arratsaldean. Urtero modura, Beti Jai jubilatuen elkartekoek antolatutako mus eta briska txapelketa egon da.