Herri kirol erakustaldiekin ospatu dituzte San Kristobal jaiak Iturretan
11:00etako mezagaz hasi zituzten ospakizunak domekan [uztailak 14]. Azkoitiko Isidro Erretegiak irabazi du 50. Kristobal Deunaren Saria.
Nahiz eta aurten Karmen jaiekin bat egin, Iturreta auzoko Sankristobalak ez dute hutsik egin. 11etako mezagaz hasi zituzten ospakizunak domekan [uztailak 14], eta idi probekin amaitu zuten egun osoko egitaraua.
Herri kirol erakustaldia eskaini zuten goizean Uxue Ansoregi, Iraide Gezuraga, Aritz Etxebarria eta Mikel Agirrek. Elkarren kontra aritu ziren aizkoran Agirre ondarrutarra eta Ansoregi Mendarokoa. Txanda librean bi ekitaldi egin zituzten. Ondoren, Urpe ermuarrak harri jasotzen egin zuen. 110kgko harri baldarrari 8 jasoaldi egin zizkion 3 minutu eta segundo batean, erretxinik barik. Zelailuze ere harri jasotzen aritu zen, 100kg koparekin 2 minututan 17 jasoaldi egin zituen, eta jungurargaz minutu batean 50 golpe eman zituen.
Lehia polita eskaini zuten Iraide Gezuragak Markel Egurrolaren kontra, txingak eramaten. Gezuragak 25 kg-ko txingak eraman zituen eta junguragaz ere 50 jasoaldi egin zituen 59 segundotan. Ondoren Bizkaiko azpi txapeldun diren Agirre eta Ansoregi, hirugarrenak diren Erleaga eta Gezuragaren kontra egin zuten trontzan, 10 zati mozten. Agirre eta Ansoregi izan ziren irabazleak 17 segundogatik. Eta saioagaz amaitzeko, Urpe eta Zelailuzek 8 kiloko bola jaso zuten.
Ikusleek kirolariekin batera herri kirolean saiatzeko aukera ere eduki zuten ondoren, eta asko izan ziren animatu zirenak.
Urtero modura, txapel jaurtiketa egin zen ermitaren aurreko landan, 14 urtetik beherakoentzat eta Iturretan ohitura handia den bikotekako bola jaurtiketa ere ez zen falta izan. 10 gaztek parte hartu zuten txapel jaurtiketan, eta sarituak hauek izan ziren:
-
1. Ekain Idigoras
-
2. Aner Arriola
-
3. Eritz Larrinaga
Bost bikotek parte hartu zuten bola jaurtiketan. Sarituak ondorengoak izan ziren:
-
1. Joselu eta Bakarne
-
2.Urpe eta Uxue
-
3. Ibon eta Ainhoa
Idi probak. Eguerdian jai batzordeak prestatutako bazkaria egon zen, nahi zuenarentzat, eta arratsaldean idi probak. Azkoitiko Isidro Erretegiak irabazi zuen 50. Kristobal Deunaren Saria. Azkoitikoaren animaliek 53 untze 1/4, 4 metro eta 45 zentimetro egin zituzten, Aitor Olarrea eta Jon IƱaki Urrutiaren laguntzagaz. Elgoibarko Soarte geratu zen bigarren 52 untze eginda, Galder eta Urrutiaren laguntzagaz, eta Laukizko Unai Elorrieta izan zen hirugarrena 50 untze, 5 metro eta 45 zentimetroko proba eginda. Elorrieta berak eta Urrutiak egin zituzten itzai lanak.
Jaietako zozketaren zenbakia ere atera zuten jaiekin amaitzeko. Aurtengo San Kristobal jaietako zozketaren zenbaki saritua 1.531 izan da (Ordezkoa 1.425). Irabazleak 15 eguneko epea edukiko du saria jasotzeko.