Abian da Lekeitioko sanantolinak iragartzeko kartel lehiaketa
Abuztuaren 2ra arte edukiko dute sortzaileek kartelak aurkezteko epea zabalik. 500 euroko sari bakarra egongo da.
Aurten ere, San Antolin jaiak iragartzeko kartel lehiaketa jarri du martxan Lekeitioko Udalak. Abuztuaren 2ra arte egongo da kartelak aurkezteko epea, 21:00ak arte. 500 euroko sari bakarra egongo da.
Beti bezala, nahi duen orok parte hartu dezake lehiaketan, eta partaide bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahalko ditu, baina kartel bakoitzak bere lema edo esaera propioa izan behar duela zehaztu dute.
Lanen ezaugarriei dagokienez, kartel bakoitzean San Antolinak 2019, Lekitto testua agertu behar da derrigorrez. Era berean, Lekeitioko jaiei lotutako berezitasunen bat erakutsi beharko du. Epaimahaiak herriko jaiekin zerikusik ez daukaten kartelak baztertuko dituela zehaztu dute.
Baldintzak. Baldintza batzuk derrigorrezkoak izango dira: irudi edo hizkuntza sexistarik ezingo da erabili, irudietan sexuen arteko oreka islatu behar da, emakumeen eta gizonezkoen rol estereotipatuetan oinarrituriko aurrejuzgu, jarduera esaera eta irudiak ez dira onartuko, eta era berean, ez dituzte onartuko norbanakoen osotasuna laidotzen duten kartelik, ez eta homofobia edo xenofobia sustatzen dituztenak ere.
Lanak euskarri digitalean aurkeztu behar dira Eusebio Erkiaga kultur etxean, astelehenetik barikura 09:30etik 13:30era arteko ordutegian.
Aurkeztutako lanen lehen aukeraketa udaleko Emakumea eta Berdintasun Zerbitzuan egingo dute, eta Lekeitioko Udal Jai Batzordeak geratzen diren lanetatik hautatuko du kartel irabazlea. Abuztuaren 6an jakitera emango dute lan saritua zein izan den.