Aldarrikapenek hartuko dute Mutrikuko Gaztetxea
Malen jaiek eztanda egiteko ez da ezer falta. Zapaturako elkartasun desafio berezia prestatu dute Mirentxin Gidariak taldeak eta MRK-k elkarlanean. Lortzen den diruarekin, euskal preso politikoen senide eta lagunak espetxera eroateko furgoneta bat finantzatuko dute.
Mutrikuko Malen jaiak heltzear daude, eta ohiko egitarauaz gain, aurten ere herriko gaztetxean jarduera bereziak izango dituzte herritarrek. Mirentxin Gidariak taldeak Mutrikuko Rock Kolektiboaren laguntzarekin antolatuta, euskal preso politikoen senide eta lagunak kartzeletara eramaten dituen furgoneta zerbitzua finantzatzeko ekintzak prestatu dituzte biharko.
“Furgonetaren mantenimendua eta seguruaren gastua estaltzeko asmoz, korrika eta presaka ireki genuen iaz gaztetxea, baina aurten, gauzak lasaitasunez prestatu nahi izan ditugu. Horregatik, lehenago hasi gara bihar izango ditugun jarduerak antolatzen”, azaldu dute Mirentxineko kideek.
Taldearen dinamikak eta aldarrikapenak plazaratzeko eguna izango da, eta bi hitzordu izango dituzte iluntzean. Aizkora desafioaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek lehenik, eta rock kontzertuek gorputzak mugiaraziko dizkiete ostean gaztetxean bildutakoei.
Bihurriren erakustaldia. 20:00etan, Bihurri aizkolari eibartarrak ezohiko herri kirol erakustaldia eskainiko du: “Taldeko kide batek eman zigun gizon honen berri, eta ideia ona iruditu zitzaigun. Hala, berarekin harremanetan jarri ginen, eta Mutrikuko Gaztetxera etorriko zela baieztatu zigun”.
Aizkolari tradizionalek enborrekin egin ohi duten eran, Bihurrik auto bat erditik moztuko du. Ekintza “guztiz sinbolikoa” izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Izan ere, aizkolariak ez du denbora jakinik izango autoa erdibitzeko.
Hala ere, ikusleek “euro bat ordainduta autoa zenbat denboran moztuko duen apustu egin dezakete”, eta irabazleek kamiseta bat jasoko dute opari.
«Familiakide eta lagunek bidaia gehiagorik egin ez dezaten eskatzen dugu, horregatik, Bihurrik Renault Kangoo bat moztuko du, dispertsio politikaren aurkako ekintza sinbolikoa irudikatuko du desafio berezi honek».
Desafioa bukatu ostean, gaztetxearen «irekiera ofiziala» egingo dute Mutrikun. Malen jaietako «egunik indartsuenetakoa» izanik, dispertsioarekin bukatzeko aldarrikapen egunean gaztetxera jende pilo bat joango dela aurreikusi dute Mirentxin taldeko kideek.
Kontzertuak. Ostean, zuzeneko musika ikuskizuna izango dute gaztetxean bertan herritarrek, 23:00etan. Antolatzaileek bi euskal talde gonbidatu dituzte taula gainera: batetik, Hara! ondarrutarrak, eta bestetik, Stai Zitto ermuarrak.
Rock & Roll doinuak aldarrikapenez jositako hitzekin uztartuko dituzte lehenengoek, eta erritmo dantzagarriagoa eskainiko dute bigarrenek, ska musika estiloa jotzen baitute.
Mutrikuko Gaztetxeak taberna zabalik izango du gau osoan, eta bertan lortutako dirua «furgoneta erabilgarri mantentzera» bideratuko dutela.