EMA elkartea omenduko dute Mutrikuko Malen jaietan
EMAko kideek piztuko dute jaien hasierako txupina Mutrikun. Eraso sexistarik gabeko eta jai parekide, barneratzaile eta askeen aldeko mezua zabalduko dute, Malen bezpera gauerdian.
Bizixo Jai Batzordeak erabakita, Emakumeak Mutrikun Abixan elkartea izango da aurten Malen jaietako omendua.
Aitortza Malen bezperan [uztailak 21] egingo diete, gauerdian, Beheko Plazako txosnagunean. EMAko kideek nabarmendu dutenez, pozez gainezka hartu dute omenduko dituztenaren berria, “ilusioarekin”.
Iragarri dutenez, jaiei hasiera emateko aldarrikapenez betetako mezua zabaltzeko baliatuko dute momentua. “Eraso sexistarik gabeko eta jai parekide, barneratzaile eta askeen aldeko mezua zabalduko dugu”. Izendapena elkartearean egitekoa ezagutzera emateko beste modu bat dela aitortu dute. “Herrian presentzia hartzeko eta gure lana ikustarazteko egokia dela iruditzen zaigu. Duela bost urte sortu genuen elkartea, eta orain arte egindako lanari errekozimendua ere bada izendapena”.
Omenduak izatearekin batera, txupina botatzeko ardura ere edukiko dute. Eta itxaplerua piztu orduko, EMAk dinamizatu duen batukadaren kalejira abian hasiko da Beheko Plazatik. Herria musikaz eta aldarrikapenez beteko duten 60 lagunetik gora batuko ditu batukadak. “Belaunaldi ezberdinetako 30 emakume baino gehiago batuko gara batukada jotzen. Horiez gain, beste 20 argi-suziak eramaten joango dira, eta besteren batzuk pankartak eramaten”.
Beste alde batetik, jai batzordetik abiarazi duten eraso sexisten aurkako protokoloaren osatzen ere lagundu dute EMAko kideek. “Eraso bat jasan edo ikusiz gero zelan jokatu eta horren aurrean zer egin behar den jaso dugu protokoloan. Kasuren baten aurrean, txosnagunera etortzea gomendatzen dugu. Gertaera txosnako kideei jakinarazi, eta gero eurak arduratuko dira protokoloari jarraipena emateaz. Garrantzitsuena erasotua bakarrik ez lagatzea eta behar duen denean laguntzea da. Ez epaitu bere hitza, eta erasotzailea jai gunetik kanporatu”.
Mutrikuko Udalaren ekimenez, ostera, Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunea ipiniko dute Beheko Plazan. Zerbitzua Malen bezperan [uztailak 21] eta Kuadrilla Egunean [uztailak 24] egongo da erabilgarri, 20:00etatik 00:00etara. “Mota horretako gune bat antolatzea beharrezkoa dela irizten zaigu. Hori bai, gunea egunero irekita egotea izango litzateke aproposena”.