Lekeitioko Eskola Publikoaren irisgarritasuna bermatzeko lanak hasi ditu udalak
Koloreetako eraikineko terrazak iragaiztu, argiteria eta ateak aldatu eta ez labaintzeko tratamendua emango diote solairuari. Eraikin gorrian, bestalde, irteera edo sarbideak egokituko dituzte irisgarritasuna hobetzeko.
Eskola Publikoko eraikin gorrian, koloreetakoan eta haurreskolan irisgarritasuna bermatzeko eta segurtasun neurriak sendotzeko hobekuntza lanekin hasi da aste honetan Lekeitioko Udala. Lanek 90.000 euroko kostua edukiko dute, eta udalak bere gain hartuko ditu.
Udalak jakinarazi duenez, koloreetako eraikinean lehenengo solairuan dauden hiru terrazak iragaiztuko dituzte, argiteria aldatuko dute segurtasun neurriak betetzeko, psikomotrizitate gelako altuera igoko dute pisu bereko beste gelen parean jarriz, eraikineko zazpi geletako ateen tamaina handituko dute irisgarritasuna indartzeko eta portxeko lurrari ez labaintzeko tratamendua emango diote.
Eraikin gorrian, bestalde, irteera edo sarbideak egokituko dituzte irisgarritasuna indartzeko eta portxeko lurrari ez labaintzeko tratamendua emango diote. Haurreskolan, berriz, hobekuntza lanak egingo dituzte.
Proiektu handiagoa. Segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko obra horiez gain, beste lan batzuk ere burutuko ditu udalak, Eusko Jaurlaritzagaz batera. Hezkuntza sailak finantzatuko duen proiektuak 324.155 euroko kostua izango du, eta egingo dituzten lanen artean lau dira nagusi. Alde batetik, larrialdietako bi irteera eraikiko dituzte. «Lehenengoa jantokitik kalera bideratuko da, eta bigarrenak pisu guztietako ikasgeletatik kanpora irtetzea ahalbidetuko du». Horrez gain eraikineko komunetan irisgarritasuna bermatzeko egokitzapenak egingo dituzte, suteak itzaltzeko sistema automatikoa jarriko dute sukaldean eta larrialdietako argiteria jarriko dute.
Inbertsio horiez gain, azken hiru urteetan eskola publikoko eraikinetan 261.330,23 euro inbertitu direla azaldu dute.