Sergio Rodriguezek irabazi du Markina-Xemeingo Karmen jaietako Hiru Txirlo Txapelketa
54 bolarik parte hartu dute botaldian, euren artean 12 emakumek eta 7 gaztetxok. Txapelketako herriko bolari onenaren saria Iker Arizmendiarrietak eraman du.
Aurten ere, bola jokoan jarduteko aukera egon da Markina-Xemeingo Karmen jaietan, Markina-Xemeingo Hiru Txirlo elkartearen eskutik. Jaurtialdiak egon dira egunero, elkarteak, oraingoan ere, Uhagon kulturgunearen atzeko partean prestatu duen bolatokian. Ume, gazte eta nagusiek eduki dute parte hartzeko aukera.
Horrez gain, Karmen Eguneko bigarren Hiru Txirlo Txapelketa jokatu zen martitzenean [uztailak 16]. 54 bolarik parte hartu zuten botaldian, euren artean 12 emakumek eta 7 gaztetxok. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “aparteko giroa” eduki zuten, eta jendea “pozik” agertu zen aterpe berriagaz.
Sergio Rodriguezek jantzi du aurtengo txapela. 8 txirlo botata nagusitu zen eibartarra. Txapelagaz gain, garaikurra, 100 euro eta cava botila eraman zituen irabazleak. Sailkapen orokorreko lehen bostentzat egon ziren sariak. Bigarren postuan Iñaki Caballero azpeitiarra geratu zen (8 txirlo), eta Markina-Xemeingo hiru bolarik eraman zituzten hurrengo hiru sariak: Iker Arizmendiarrieta hirugarrena izan zen 7 txirlo botata; Jon Aransolo laugarrena, 6 txirlogaz eta Joseba Espilla bosgarrena, 6 txirlogaz.
Emakumeen artean Cristina Velazquezentzat izan zen sari nagusia. Markina-Xemeingo bolariak hiru txirlo jaurti zituen. Bigarren Ziortza-Bolibarko Nerea Foruria geratu zen (3 txirlo) eta hirugarren Markina-Xemeingo Nerea Arano (3 txirlo).
Gazteek ere maila ona erakutsi zuten. Xabi Garitagoitia (Ziortza-Bolibar) geratu zen lehenengo postuan hiru txirlo baotata, bi txirlogaz Aner Azumendi (Ziortza-Bolibar) izan zen bigarrena eta Josu Urkia (Iruñea) hirugarren geratu zen txirlo bat jaurtita.
Txapelketako herriko bolari onenaren saria Iker Arizmendiarrietak eraman zuen.
Markina-Xemeingo Hiru Txirlo Elkartekoek aurreratu dutenez, abuztuko bigarren astebururako beste botaldi bat prestatzen ari dira, “mus eta briskagaz eta Sustraiak Natura abentura taldeagaz batera”.