Kalean da Mutriku Futbol Taldearen historia laburbiltzen duen aldizkaria
Mutriku Futbol Taldeak 75. urteurrena ospatzeko askotariko ekintzak egin ditu azken hilabeteotan, eta hori guztia borobiltzeko taldearen ibilbidea jasotzen duen argitalpenaren aurkezpena egin dute gaur [uztailak 19] Zabiel kultur etxeko areto nagusian.
Talde zuri-urdinarentzat urte garrantzitsua eta berezia izanik, klubaren ibilbidea era oso laburbilduan jaso du Joxe Mari Ulazia Ibarzabalek Mutriku FT-75 urte 64. orrialdetako aldizkarian. Aldizkarian, hain zuzen ere, taldearen iraganaren zein gaur egungo egoeraren errepasoa egiten ahalegindu dela azpimarratu du Ulaziak. Aitortu duenez, azken hilabeteak buru-belarri ibili da aldizkaria prestatzen.
Taldearen historiaren errepasoa egiteko, besteak beste, hamarkada bakoitzean taldearen parte izan diren jokalari esanguratsuenak edo aipagarrienak elkarrizketatu ditu Ulaziak. Horiekin batera, taldearekin harreman zuzena duten beste hainbaten kontakizunak ere ageri dira. Balda Illarramendi, Jose Inazio Urkiri, Eduardo Maidagan, Mikel Etxarri, Juanito Larreina, Jose Luis Arrizabalaga Sabino, Paco Lopez, Pedro Mari Lezertua, Aitor Idoeta, Andoni Esnal, Jagoba Arrasate, Jose Luis Basurko Anzarda, Jose Luis San Martin, Bittor Mujika, Jordi Uranga, Mikel Mugerza, Edurne Burgoa, Ander Prieto Mutxur, Asier Illarramendi, Leire Elezagarai, Igor Elezagarai Txaparro-ren oroitzapenak, bizipenak, pasadizoak… jaso dituzte.
Aldizkarian jaso dituzten elkarrizketekin osatuta, gainera, dokumental motz bat ere prestatzen ari direla aitortu du Ulaziak. Dokumentalari buruzko hainbat zertzelada ere eman ditu. “Orain momentuan bideoa editatzen ari gara. Denboraldi berria hasi aurretik ordu erdi inguru iraungo duen dokumentalaren aurkezpena egiteko asmoa dugu”.
Mutrikuko harrobian hazi, eta 1. mailako eta 2. mailako taldeetan jokatu dutenen zerrenda ere osatu dute. “Gutxienez, 17 jokalari heldu dira liga profesionaletan jokatzera”. Eta horien artean, Libertadores Kopa jokatu zuen Juan Manuel Basurko Ulaziaren ibilbide bitxia ere nabarmendu dute. Klubak eduki dituen zuzendaritza talde guztiak sartzea ezinezkoa izango zela ikusirik, bestalde, 75 urte horietan izandako presidenteen zerrenda ere jaso dute “aitortza modura”, argazki eta guzti.
Belar artifizialeko San Migel futbol zelaiari buruzko kapitulu berezia eskaini diote, eta etorkizuneko zelai berriko proiektuaren hainbat irudi ere sartu dituzte. Aldizkaria dozenaka argazkiz osatua dago, eta azpimarratu dutenez, aipagarrienak sartu ahal izan dituzte. “Milaka argazki ezin dira 64 orritan sartu”. Besteak beste, maila ezberdinetako taldeen argazkiak, Baurdor-era egindako irteerak eta 75. urteurrean egin dituzte ekintzen hainbat irudi batu dituzte. Zendutako klubeko kideek ere leku berezia betetzen dute aldizkariaren kontrazalean. Bazkidetzak duen garrantziaz jabeturik, gainera, bazkide egiteko amua bota diete herritarrei, azken orrialdeetan.
Ekitaldiaren amaieran bertaratu direnei aldizkariaren ale bana eman diete opari. Futbol taldeko ordezkariek azpimarratu dutenez, aldizkaria doan banatuko dute etxerik etxe, Malen jaiak amaitu ondoren.