Mikel Lertxundiren 'Orekaren bila' erakusketa, ikusgai Bilboko Rekalde Aretoan
Artista berriatuarrak atzo [uztailak 18] inauguratu zuen erakusketa. Urriaren 13ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa inauguratzeaz gain, Lertxundik eta Maribel Aiertza idazleak elkarlanean egindako 'Lertxundi: espazioa, lurra, denbora' liburua ere aurkeztu zuten.
Mikel Lertxundi artista berriatuarraren Orekaren bila erakusketa inauguratu zuten atzo [uztailak 18] Bilboko Rekalde Aretoan. Inaugurazio ekitaldian egon ziren Lertxundi, Jon Arriola Berriatuko alkatea, Maribel Aiertza idazle berriatuarra, Mikel Onandia komisaiora eta Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua. Erakusketa urriaren 13ra arte egongo da ikusgai.
Obrak Lertxundik azken 30 urtean garatu duen unibertso plastikoa erakusten du. “Egia esan ez da atzera begirako ohiko erakusketa bat. Bisitariek artista berriatuarraren ikerkuntza lerro nagusiak ezagutzeko aukera edukiko du”. Erakusketan 30 pieza daude ikusgai. Lan batzuk 80ko hamarkadan eta ondoren egindakoak badira ere, beren beregi Rekalde Aretoan erakusteko oraintsu egindako piezak ere ikusgai daude.
Harria, burdina eta egurra dira Lertxundik lantzen dituen materialak. “Lertxundik etenik gabe burutu duen ikerketa gogorarazten digu obrak. Naturako hiru elementu oinarri hartuta, beti orekaren bila aritu da”, esan zuen Bilbaok.
Onandia komisarioak azpimarratu zuenez, Lertxundik aspalditik dauka materialen berezko ezaugarriak eta jarrerak ezagutzeko interesa. “Hiru elementuak, ura, airea eta suarekin batera, naturaren barruan bizi den harmoniaren inguruan Lertxundik daukan pentsakeraren eta bilaketa iraunkorraren funtsa dira”. Oro har, Orekaren bila erakusketa Lertxundiren lana errepasatzeko “aparteko aukera” dela gaineratu zuen.
Erakusketa inauguratzeaz gain, Lertxundik eta bere emazte Maribel Aiertza idazleak elkarlanean egin duten Lertxundi: espazioa, lurra, denbora liburua ere aurkeztu zuten. Liburua Berriatuko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzari esker argitaratu dela azaldu zuten.
Mikel Lertxundiren (Berriatua, 1951) ibilbidea, motzean:
Artista berriatuarrak erakusketa indibidual asko burutu ditu, bai Euskal Herri mailan eta baita ere nazioartean. Horien guztien artean honakoak dira azpimarratzekoak: San Telmo Museokoa (Donostia, 1988), Bonnat Museoa (Bayona, 1989), Orgelfabrik Durlach (Karlsruhe, Alemania, 1993), Lichthof des Alten Rathauses (Pforzheim, Alemania, 1993), Adriana Schmidt Galeria (Kolonia, Alemania, 1998), BBK Aretoa (Bilbo, 2000), En busca del equilibrio (Ziortzako Monasterioa, 2007), Naturaleza y equilibro (ARENATZarte Eskultura Parkea, Gueñes, 2009), Composiciones (Juan Manuel Lumbreras Galeria, Bilbo eta Luis Burgos Galeria, Madril, 2011) eta Perspectiva y escala (Kur galeria, Donostia, 2014).
Talde erakusketen artean honako hauetan esku hartu du: Ertibil (1984), Gure Artea (1989), La memoria de los lugares (Guétharyko Museoa, 1991), Entre el objeto y el arte (Vanguardia Galeria, Bilbo, 1992), Bizkaiko Artea (1993), NICAF (Tokio, Japonia, 1995), FIA (Caracas, Venezuela, 1999), ART MIAMI (2002), ARCO (1999-2002), Eskulturako Topaketa Europarra (Montauban, Frantzia, 2005), KIAF (Seul, 2008) eta Sculpteurs basques á Saint -Jean-de-Luz, (Donibabe Lohizune, 2018).
Eskultura publiko eta esku hartze artistiko asko egin ditu naturan, horien artean La vida a través del equilibrio (Ondarroa, 1994), En su ir y venir (Itsas-ibiltokia, Zarautz, 1997), Piedra de encuentro (Royal Victoria Country Park. Netley, Hampshire, Ingalaterra, 1997), Puerta del equilibrio (Sobrellano Jauregiko parkea, Comillas, Kantabria, 2004), Mirada (El Soplao Kobetako parkea, Kantabria, 2007), Elkarrentzat (Durango, 2007), Espacio Aisureta (Aulestia, 2009), Lurreko (Azurmendi-Larrabetzu, 2012) eta Triada (Ziortza-Bolibar, 2015). Lertxundi, arte universal en euskara bere liburuak Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Saria irabazi zuen 1989an.