Jai giroa nagusi Berriatuko Madalenan eta Aulestiko Urriolan
Urteroko egitarauei eutsita, bi auzoetan goi-goitik ospatu dituzte Madalena jaiak. Auzotarrez gain, herrietatik ere jendea joan da auzoetara.
Herrietan ez eze, auzoetan ere ospatzen dira Madalena jaiak. Horren adibide dira Aulestiko Urriola auzoa eta Berriatuko Madalena. Auzotarrek esan dutenez, batean zein bestean giroa izan da nagusi, eta sorpresak ere egon dira.
Berriatuko Madalena auzoan jaiak giro onean joan direla esan dute. “Bazkaltzen 70 lagunetik gora egon ginen, eta goizean zein atsaldean herritar ugari agertu ziren ekintzak ikustera”. Zozketako zenbaki irabazleak zeintzuk izan diren ere esan dute: 1.saria (produktuz betetako orga) 1018 zenbakia (ordezkoa 1549), eta 2. saria (afaria Laka-Erdi sagardotegian) 2087 zenbakia (ordezkoa 2860). “Orgaren irabazlea agertu da, baina afariaren irabazlea ez“.
Aulestiko Urriolan ere giro ona izan dela nagusi esan dute. Beti-betiko ekintzei, gainera, su artifizialen ikuskizuna gehitu behar zaie. Izan ere, inoiz ez modura, aurten, auzotarrek su artifizialekin gozatzeko aukera eduki dute.
Argazkiak: Hitza eta Mari Jose Barinagarrementeria (Berriatuko Madalena auzoa)