64. Sketchcrawl marrazkilarien topaketa egingo dute Mendexan
Bederatzi marrazkilari batuko dira zapatuan [uztailaren 27a] herrian, eta txokoz txoko ilustrazioak sortu ondoren elkarrekin bazkalduko dute.
64. Sketchcrawl marrazkilarien topaketa egingo dute zapatuan [uztailaren 27a] Mendexan. Ramon Lejardi artista bedarutarra buru, Euskal Herria’s Sketchrawl elkarteak antolatu du, eta bederatzi marrazkilari elkartuko dira herrian.
2006an Enrico Casarosa ilustratzaile italiarrari marrazki-maratoia egitea bururatu zitzaion San Franciskon (AEB), eta mundu osora zabaldu zuen gero ekimena. Urtaro bakoitzean topaketa bana egiten dute, hiriz hiri, eta aurten, Euskal Herrian egingo duten jardunaldiak Mendexan izango du agertokia. Hala ere, Tokion edota Londresen ere egingo dituzte, besteak beste.
Bederatzi margolariak Zelaia auzoan batuko dira goizean, eta egun osoan txokoz txoko ariko dira aurrez aurre izango dituzten paisaiak, eraikinak, pertsonak… ilustratzen. “Zuzenean begi aurrean daukaguna margotzen dugu, eta hori da garrantzitsuena guretzat. Izan ere, bestelako jardunaldietan argazkietatik abiatzen dira irudiak sortzeko garaian, baina gu ez”, azaldu du Lejardik.
Askatasun osoa izango dute artistek beraien sorkuntzetan, baina baita erabilitako materialetan ere. Normalean koadernoetako orrietan margotzen dute Sketchcrawl jardunaldietan, eta bakoitzak gustukoen duen arkatza, errotulatzaile, akuarela, tinta edota olioa erabiltzen du. “Akuarelak oso azkar sikatzen direnez abantaila izaten da, eta askok aukeratzen duten lantresna izaten da”.
Indarberritzeko bazkaria. Udako topaketa izanik, parte hartzaile gutxi espero dituzte antolatzaileek 64. topaketan, bederatzik eman dute izena: “Opor garaia da, eta jende asko kanpoan dago. Horregatik ez dugu artista gehiegirik espero. Hala ere, gerta liteke kasualitatez atzerritarren bat gurean egotea eta topaketara batzea”. Egun osoko jardunaldia izanik, bazkaltzeko tartetxoa ere izango dute: “Lekeition oilaskoak eskatu eta nire emaztearen baserrian bazkalduko dugu. Izan ere, gutxi batzuk batuko garela jakinik ez du merezi jatetxe batera joatea”, adierazi du bedarutarrak.
Lehenenengoz egingo dute Sketchcrawl topaketa Mendexan. Hala ere, 2014an Ean 45. jardunaldia eta 2015ean Lekeition 49.a antolatu zuten. Biak udazkeneko topaketak izan ziren. “Aurtengoa oso ekitaldi berezia izango dela uste dut. Izan ere, hemen inguruan ez dago margotzeko zaletasun handirik, eta zapatuko ekimenak bultzada eman diezaioke adierazpen artistiko horri”.