Kalekak 20.000 ikusletik gora bildu ditu 30. urteurrenean
Eguraldi onak lagunduta, jarduera guztiak normaltasun osoz aurrera eraman ahal izan dituztela azaldu dute antolatzaileek. Lau egunetan 21 ekintza burutu dira eta guztira, 19 konpainia eta kolektibok parte hartu dute jaialdian.
Jendetza batu du aurten ere, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak. Antolatzaileen arabera, 20.000 pertsonak baino gehiago batu ditu Kalekak bere 30. urteurrenean, eta eguraldi onak lagunduta, jarduera guztiak normaltasun osoz aurrera eraman ahal izan dituztela azaldu dute. “Lau egunetan 21 ekintza burutu dira, eta Lekeitioko gune publiko eta esanguratsuak hartu dituzten kale arteetako lan anitzez gozatzeko aukera izan duten ikusleen parte hartzea handia izan da”. Guztira, 19 konpainia eta kolektibok parte hartu dute jaialdian.
Murmuyo, Sincronacidas eta La Nordika konpainien clown eta zirku lanekin hasi zuten jaialdiko programazio ofiziala. Horrez gain, Chiara Marchese eta Lokkeren ikuskizun koreografikoak, Zero en Conductaren keinu antzerkia edota 7 Bubblesen burbuila jokoez gozatzeko aukera eduki dute ikusleek. Barre egiteko edota hunkitzeko aukerarik ere ez da falta izan; Zanguangoren errealitatearen kontaketak barre algarak eragin zituen publikoan, eta Cia ytuquepintasen istorioak hunkitu zituen. Aurtengo Kalekan, baina, publiko zabalak gehien itxaroten zuen ikuskizuna Lekittoko Deabruena izan da. Herriko kaleak su eta argiz bete zituen deabru talde handiak, jai pirotekniko erraldoia eskainiz.
Kaleka Scratch sekzioak eskaintzen duen lan espazioak sendotzen jarraitzen dutela jakitera eman dute antolatzaileek. “Aurten garapenean dauden 5 lan ikusi ahal izan ditugu bere barnean: bizitzak emandako zaplastakoei aurre egiten dion Cie De-Chaineeren pieza, Cia Es Circen sinpletasuna eta inprobisazioa, LaBuena Compañiaren norbanakoen akzio eta erreakzioak, Compañia La Intrepidaren lan komikoa eta Lokkeren performance ibiltaria”.
Esperimentazio espazioen estreinaldiek ere, harrera oso ona izan dutela aipatu dute. “Truca Rec kolektiboa izan zen Kaleka Egin gunea estreinatzearen arduraduna. Stampa izeneko proposamenarekin, stencil teknikaren bidez ehunezko poltsa eta motxilak jaialdiko irudien diseinuekin pertsonalizatzeko gunea sortu zen. Bestalde, Createctura kolektiboak Kairos espazioa estreinatu zuen, 10 hilabete eta 5 urte bitartekoentzat bideratutako joko eta esperientzia gunea eskainiz, Paisajes de juego instalakuntzarekin. Bi espazioak jaialdiko egun guztietako goiz eta arratsaldeetan egon ziren irekita, eta milaka ume, gazte eta guraso igaro ziren euretatik”.
Herriko kultur elkarteekin egindako kolaborazioak ere azpimarratu dituzte. “Indar handia hartzen ari dira”.
Arropaineko Arragua sorkuntza espazioa eta Malekoia Txiringitoa ere jaialdiaren parte izan dira. Ulua(k) Teatroaren clown eta txotxongilo ikuskizuna eta maskara sorkuntza tailerra egon dira lehenengoan. Gainera, jaialdiaren aurreko egunetan tailerrak egin zituzten udako kanpamendu eta tokiko hezkuntza zentroekin elkarlanean, gero jaialdiaren guneetan erabili ziren materialak sortuz. Malekoia Txiringitoan, berriz, Winston Koperland eta Urko Notredameen clown eta magia ikuskizuna eskaini zuten. “Lekeitioko plaza ere esperimentazio espazio bihurtu zen, 500 pertsona baino gehiago erakarri zituen 7 Bubbles konpainiaren xaboi eta burbuilen guneak, Kalekaren uztaileko hitzorduari agur esanez”.