Zapore onez beteta iritsi da Kuadrilla Eguna Mutrikura
Estreinako, kuadrillen arteko pintxo lehiaketa egin dute, txosnagunean. 'Atxikori paketia', 'Koloreztatu bizixa' eta belaontzi itxura zuen 'Elenita Berria' pintxoek lortu dituzte sari nagusiak. 250 bat lagun batu dira bazkaritan.
Etenaldirik gabe Malenak ospatzen aritu ondoren, jaiak azken txanpara heltzen ari dira. Gaurkoan [uztailak 24] Kuadrilla Eguna ospatu dute, lagunartean igarotzeko egun aproposa. Kuadrillek euren eguna ospatzeko aukera ezinhobea izan dute, eta urtero egin modura, kuadrilla bat bestearengandik bereizten duten kamiseta eta praka koloretsuak soinean ospatu dute egun handia.
Kuadrilla Eguneko ekimenak futbito txapelketarekin batera hasi dituzte eguerdian. Bost kuadrillek parte hartu dute norgehiagokan, eta txapelketan parte hartzera ausartu direnek Itziarko Markes de Saka ganadutegiko zezen txikien aurrean futbolean jokatzeko daukaten abilezia erakutsi behar izan dute, izan ere, bat edo bestek zezenaren burukada bat edo beste ere jaso du.
Hiru minutuko hamar partidu motz jokatu dituzte parte hartzaileek, eta horien ostean, erabakita geratu dira bi finalistak ere. Sailkapena ondokoa izan da: Eutsi (7 puntu), Figurak (5 puntu), Xarkei (4 puntu), Eintzak (4 puntu) eta Zapelaitza (0 puntu). Bost minutuko final estu bezain lehiatua jokatu ondoren, 100 euroko txekearen irabazlea Eutsi kuadrilla izan da; 5-3 irabazi diete Figurak kuadrillari.Â
Txosnagunean, berriz, kuadrillak bazkarirako prestaketa lanekin ari ziren bitartean, pintxo lehiaketa egin dute, estreinako. Guztira, bost pintxo aurkeztu dituzte: Atxikori paketia, Koloreztatu bizixa, Ezinleike, Triku Mutriku eta Elenita Berria izenekoak. Eta epaimahaikideek mokadu bakoitzaren zaporea, itxura, teknika, originaltasuna edo aurkezpena hartu dituzte kontuan. Originaltasunaren saria Atxikori paketia-rentzat izan da. Koloreztatu bizixa pintxoak berriz, itxura onenaren saria lortu du. Eta belaontzi itxura zuen Elenita Berria pintxoak, azkenik, zapore onearen saria lortu du.
Bazkaritarako dena prestatu eta kuadrilla guztiak batu ondoren, bazkariari hasiera eman diote, brindis eta guzti. 22 bat kuadrilla batu dira bazkaritan, 250 bat lagun, denetara. Txosnagunea guztiak batzeko txiki geratu da, eta batzuek agertoki gainean edo Atxukalera doan tunelean ipini dituzte mahaiak.
Mutrikuko jaietan sekula ez da zezenik falta izaten, eta arratsaldean jaietako bigarren sokamuturra egin dute. Itziarko Markes de Sakako lau behiek eta zezen bakarrak alde zaharreko kale estuetan gora eta behera ibili dira zaleen gozamenerako. Tentsio momenturen bat edo beste ere bizi izan dute Goiko Plazan batutakoek. Hirugarren atera den zezenak gizonezko bat harrapatu du, eta airean bota du. Animaliak ez du gizonezkoa adarkatu, baina buruz erori zenez, odol dariola zuen zauria zeukan, eta ondorioz, anbulantziako medikuek artatu behar izan dute. Puntu batzuk eman ondoren, Mendaroko ospitalera eraman zuten.
Ez da izan sokamuturreko zauritu bakarra baina. Sokamuturra ikusten egon direnen arabera, gazte bat ere harrapatu du behi batek, Konde kalean, Narrupe elkartean parean. Agertu dutenez, belaunean zauriarekin ospitalera eraman dute.