Uga eta Zixugaz hasi dituzte santixauak etxebarritarrek
Jaietako pertsonaia berriek bota dute pregoia. Tio Teronen Semeak taldeagaz gozatu dute Santixau Eguna. Ekintzaz betetako asteburua dute aurretik.
Uga eta Zixuren etorreragaz hasi dituzte jaiak aurten, etxebarritarrek. Euripean ailegatu ziren atzo [uztailak 24] igel biak Santixau jaiak ospatzeko prest. Errekatik irten eta Plazabarriko eskaileren goiko agertokiraino igo ziren pregoia ematera, eta orain, jaiak amaitu arte egongo dira Otsolo eraikineko leihoan, herriarrekin batera jaiekin gozatzen.
Aiala Larruskain Zarandona eta Jokin Altzibar Ibarzabal zinegotziek esan zituzten jaien hasierako berbak. Herriko jaien sorreraren ikerketa egin dutela jakinarazi zuen Altzibarrek, eta Ainhoa Arrieta Gisasolak eta Naroa Loiola Lejardik eman zuten ikerketa horren berri.
Azaldu zutenez, urte askoan Etxebarriko erreka bakoitzean igel klan bi egon ziren, bata Urko errekan eta bestea Urkaregin. “Urko errekan bizi zirenak Zixotarrak ziren eta Urakaregikoak Ugalaburukoak. Ezagunak izan dira honen arteko liskarrak, inork ez daki non hasi zen dena ez eta nondik zetozen haserreak ere, baina ezin zuten elkarren artean konpondu. 1983ko uhelen ondorioz, Etxebarriko urek gainezka egin zuten, eta inguru guztia apurtuta geratu zen. Igelen klan biak urak eraman zituen. Urek talde bakoitzeko kide bana Etxebarriko zubipean utzi zituen, eta han topatu zuten elkar. Urkaregitik zetorrena Uga zen eta Urkotik zetorrena, berriz, Zixu. Liskarrak albo batera utzi eta herria berreraikitzen hasi ziren. Hainbeste lan elkarregaz egin eta gero, bien arteko harremana estutzen hasi zen. Kalteak txikitu zirenean, igel bakoitzak bere taldera jo zuen, baina ez zuten elkarregaz sortutako harremana galdu nahi, eta urtean behin ezagutu ziren lekuan batzea erabaki zuten”.
Egun hori Santixau Eguna da, eta beraz, jaietarako itzuli dira bi igelak. Herritarrei ondo pasatzeko gonbitea egin zieten, ingurumena zaintzea eskatuz eta “ezetza beti da ezetz” gogora ekarrita.
Jaietako txupina botata, Guraso Elkarteak antolatutako danbor doinuekin bete zen Etxebarria. Plazabarripeko karpapetik aterata, herrian zehar ibili zen kalejiran ume, gazte eta helduez osatutako danborrada. Euri apur bategaz hasi baziren ere, laister aldendu ziren lainoak, eta lasai astindu zituzten makilak danborjoleek, Ardoa Barrura fanfarriagaz batera.
Gazte Asanbladak antolatutako kontzertuekin luzatu zen gaua, hala ere, Plazabarri bete egin da gaur [uztailak 25] eguerdian Tio Teronen Semeak taldearen dantza saioa ikusteko. Enterru bat irudikatu dute dantzariek eta musika doinu ezberdinekin girotutako dantzaldiagaz gozarazi dute eguzkitik babestu nahirik karpapean eta Otsolo tabernaren inguruko gerizpeetan batu den publikoa.
Zesta-Punta eta esku pilota partiduak ere ekarri ditu Santixau Egunak, eta gaua girotzeko mariatxiak.
Umeen Egunagaz jarraituko dute bihar [uztailak 26] jaiek. Gazte Asanbladak antolatutako herri afaria ere egongo da frontoian, eta oraindik afarirako txartelak ez dituztenek Otsolo, Olaia eta Irubiden aurkitu dituzte txartelak salgai. Ekintzaz betetako asteburua dute etxebarritarrek aurretik.