Badatoz Lekeitioko sanantolinak
2019ko San Antolin Jaietan murgiltzen hasiko dira bihartik aurrera lekeitiarrak. Irailaren 8ra arte era guztietako ekimenez beteko dira herriko kaleak, herritar guztiek gozatu ahal izateko. Eraso sexisten kontrako manifestazioak hartuko ditu kaleak jaien atarian.
Irailaren 1etik 8ra bitartean ospatuko dituzte Lekeition San Antolin jaiak, baina bihar [abuztuak 31] jaiekin lotutako hainbat ekintza egingo dira, besteak beste, plazaren apainketa, futbola eta senegaldarren jaia. Aste honetan aurkeztu du Lekeitioko Udalak jaietako programa, eta, aurten, 70 ekintza egongo direla jakinarazi dute. “Aurten ere esfortzu berezia egin da jaietako ekintzetan aniztasun handia egoteko eta denontzako festak egiteko”, azaldu dute.
Beste hainbat ekintzen artean, kuadrilen bajada, herriko taldeen ekintzak, txapelketak, ikuskizunak, su artifizialak edota kontzertu oso bereziak nabarmendu dituzte, bai eta Anteroren etorrera ere. Jaiei hasiera emango dien txupina botatzeko ardura Itxaro Mentxaka Bengoetxea mezzo-soprano lekeitiarrak edukiko du. Lekeitioko 22. San Antolin Torneoa, Akarregi II. Memoriala lehiatuko dute esku pilotako profesionalek.
Bestalde, jaietan, eta batez ere irailaren 5 eta 6an segurtasun neurri bereziak hartuko dituztela aurreratu dute, “dena ondo baino hobeto irten dadin”. Hori dela eta, osasunean, segurtasunean eta garbitasunean ahalegin berezi bat egingo dutela azpimarratu dute. “Antzar egunean esaterako, 11:00ak aldera herriko sarrerak itxi egingo dira ibilgailuentzat eta horrela mantenduko da egunean zehar. Segurtasun neurri hau irailaren 6ra ere luzatuko da, Gatiburen kontzertua dela eta Lekeitiora jende asko etortzea espero da eta”.
Aurten ekimen berezi bat ere jarri dute martxan, festak herritar guztiek gozatu ahal izateko eta inklusiboagoak izateko neurri hartu dituzte. “Udalak txartel bat banatuko die behar bereziak dituzten haurrei, askotan ilaran egotea ezinezkoa izaten baitzaie eta txartel honekin barraka gunean eta baita jaietan egongo diren puzgarrietan sartzeko lehentasuna izango dute”. Txartela eskuratzeko, eskaera egin behar da Lekeitioko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan. “Era berean, zaratarekiko hipersentsibilitatea duten haurrek ere barrakez goza dezaten, ferialariek, irailaren 2an eta 7an, 17:00etatik 19:00etara, barraka gunean, ez dute musikarik jarriko eta beraz gunea isilik egongo da bi orduko tarte horretan”.
Zaborrak edukiontzietara botatzeko aldarrikapena ere egin du udalak, urtero modura. Iaz 13.260 kilo zabor batu zirela guztira jakinarazi dute, eta horietatik ia 6 mila antzar egunaren ondorengo egunean. “Itsasoan ere zabor kopuru handia batzen da eta hori ezinezkoa da onartzea. Hori dela eta, festetara hurbiltzen den jendea kontzientziatzea nahi dugu eta zaborrak dagokion edukiontzietara botatzea eskatzen dugu. Itsasora botatzen diren hondakinak ingurugiroari eragiten diote zuzenean eta noski, guri ere. Ingurugiroa zaintzea denon erantzukizuna da”.
Erasotzaileak Kanpora. Urtero modura, egitarau berezia prestatu du Lekittoko Txosna Batzordeak ere, eta eraso sexisten kontrako manifestaziagaz emango diote hasiera. Ohi bezala, jaien bezperan, manifestazioa deitu du Potxuak Martxan Lekeitioko talde feministak. Bihar [abuztuak 31] 21:00etan Tortola kaletik hasiko da eraso sexisten kontrako protesta, eta jaietarako txapak ere eskuragarri jarriko dituzte egunotan. Mugimendu feministak antolatu duen ekimenarekin bat egiten duela azaldu du udalak ere, eta manifestaziora joateko gonbitea luzatu dute.
Parkea eta portua izango dira Lekittoko Txosna Batzordeak antolatutako ekimenen gune nagusiak. Musika izango da Portuko Guneko protagonista batez ere; Parkean, berriz, txikienentzako jolas, tailer eta era askotako ekimenak egongo dira, eta jadanik erroturik dagoen Farolapekuak ere bertan izango du lekua. Lili Txakartegi, Lau hare ale, Niko Etxart, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola edota Keu Agirretxea musikarien kontzertuak baieztatu dituzte.