Irailaren 12ra arte izena eman ahal da galbaixoetako marmitako lehiaketan
Txoko Eder elkarteak antolatutako lehiaketa Galbaixo Txiki Egunean [irailak 15] egingo da, 10:00etatik 13:00etara. Gehienez ere 16 taldek parte hartu ahalko dutela esan dute.
Mutrikuko Galbaixo Txiki Egunean (irailak 15) urtero egiten den marmitako lehiaketan izena emateko epea zabalik dago. Herritarrek irailaren 12ra arte izena eman ahal dute, Alvarorenean edo Sabinan. Izena ematerakoan, talde bakoitzak sei euroko fidantza jarri beharko du.
Lehiaketa Txoko Eder elkarteak antolatzen du, udalak lagunduta. Azaldu dutenez, gehienez ere hamasei taldek izena eman ahalko dute lehiaketan. «Talde bakoitzean gehienez ere bi lagun egon ahalko dira, eta talde bakoitzak hamabost lagunentzako marmitakoa prestatu beharko du», esan dute.
Lehiaketa 10:00etan hasi eta 13:00etan amaituko da. Sari banaketa, baina, 14:00etan izango da. Sariak banatu eta gero, enkantea egingo da, Beheko Plazan. Antolatzaileek zehaztu dute epaimahaiaren erabakia aldaezina izango dela.
Osagaiei eta marmitakoa egiteko tresnei dagokienez, antolatzaileek talde bakoitzari ondoko osagaiak eta materiala emango dizkie: hiru kilo hegaluze, 4,5 kilo patata, olioa, gatza eta sua. Beraz, talde bakoitzak ondokoak eraman beharko ditu: lapikoa eta beste sukalde tresnak, piper berdeak edota gorriak, txorizo-piperrak, kipula, ogia, pipermina eta tomatea. «Osagarri horiez gain, barazkiak ere onartuko dira, baina beste ezer ez gehiago. Ezin da kondimendurik erabili».
Guztira sei sari banatuko dituzte. Lehen postuan geratzen direnek txapelak eta 250 euro eskuratuko dituzte. Bigarren eta hirugarren geratzen direnek 175 euro eta garaikurra eta 100 euro eta garaikurra, hurrenez hurren. Azken hirurek, ostera, sari bera jasoko dute: bi ardo botila eta garaikurra.