Kirola izan da Lekeitioko Antzar bezperako protagonista
Zapaterito esku pilota txapelketako finalak jokatu dira Zapaterito frontoian. San Antolin futbol txapelketa lehiatu dute Gernikak eta Lekeitiok.
Musika eta ikuskizunek bezala kirolak ere badauka protagonismoa San Antolin jaietan. Alde batetik, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko eta Lekeitioko Akarregi Esku Pilota taldeko benjamin, alebin, txiki eta kadete mailetako pilotariak batu ditu gaur [irailak 4], Zapateritoko finaletan, eta bestetik, San Antolin futbol txapelketa jokatu da Larrotegin Lekeitio eta Gernikaren artean.
Ilusioa eta gogoa erakutsi dute Zapateritoko finalistek, tanto politak ere eskainiz. Markina-Xemeingo bikoteak neurtu dira benjamin mailan: Markel Sololuze-Ugaitz Perez eta Gotzon Odiaga-Estebe Urizarbarrena. 16-18 irabazi zuten Odiagak eta Urizarbarrenak.
Alebinetan, berriz, Khadim Ho eta Julen Ugalde lekeitiarrak Markina-Xemeingo Aner Arriola eta Iker Gabikagogeaskoa izan dituzte aurkari. 4-18 irabazi dute Arriolak eta Gabikagogeaskoak.
[SAN ANTOLIN JAIETAKO EGITARAUA]
Txikien mailan, Lekeitio eta Ispasterko pilotariez osatutako bikote bi aurkitu dira aurrez aurre, Unai Arana eta Unai Erdozia eta Martin Aldai eta Manex Erdozia. 11-18 nagusitu dira Aldai eta Erdozia. Eta, azkenik, kadete mailan Patxi Murelaga eta Martxel Urkidi lekeitiarren eta Jokin Alvarez eta Markel Egurrola etxebarritarren arteko lehia polita ikusteko aukera egon da. 10-18 amaitu da partidua Alvarez eta Egurrolaren garaipenagaz.
Bestalde, bihar [irailak 5], 17:00etan, erabakiko da San Antolin jaietako esku pilota txapelketa, Akarregi Memoriala. Atzoko norgehiagokan Artola eta Imazi 22-16 irabazita, Olaizola eta Albisu izango dira Altuna III.aren eta Rezustaren kontra neurtuko direnak. Ez da edozelako partidua izango bikote biek maila onean daudela erakutsi dute eta txapelketan. Esaterako, 14 tanto egin zituen jokoan Olaizola II.ak atzo, publikoaren txalo zaparrada irabaziz.