Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Eguneko ekintzak, hiriburuetan
Arnasa elkarteko kideek HITZAri jakinarazi diotenez, aurten ez da Ondarroan egingo ekintzarik. Kontxako estropadetan aterako dute argazki erraldoia. Deialdiak Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako hiriburuetarako egin dira.
Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Eguna da domekan [irailak 8]. Azken urteetan Ondarroan zer edo zer egin izan bada ere, aurten herrian ez dela ezer berezirik egingo esan dute Arnasa elkarteko kide ondarrutarrek. Hori bai, Kontxako estropada amaitu ostean arraunlariekin argazki erraldoia ateratzeko asmoa dutela aurreratu dute. “Nahi duen guztia hurreratu daiteke gurekin batera argazkia ateratzera arrapalara”.
Naziorteko egunararen harira elkarteek Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako hiriburuetan egingo dituzte ekintzak. Gaitzaren berri eman eta horri zabalkundea ematen jarraitzen berebizikoa dela diote ondarrutarrek. “Behar beharrezkoa da herritarren laguntza”. Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren elkarteak, esaterako, domekan 22:00etan Alderdi Ederren batzeko deia egin du. “Argazki erraldoia aterako dugu, eta udaletxea berdez argiztatuko da”. Bateko eta besteko herritarrei, beraz, ahal badute hitzordura joateko gonbitea egin diete. “Iaz, esaterako, Bilbon San Mames futbol zelaia argiztatu zuten. Eta aurten ere berdin egingo dute. Gasteizen, adibidez, eskumuturrekoak ere atera dituzte, nahi dutenek erosteko”.
Domekako ekintzak aurkezteko eta gaixotasunaren nondik norakoak azaltzeko, Arnasa elkartekoek prentsaurrekoa eskainiko dute barikuan, 11:00etan, Donostiako udaletxean.
Euskal Herriko Fibrosi Kistikoaren elkarteak ondoko leloagaz herritarrei domekan egingo diren ekintzetan parte hartzera deitu die: “Zuk pentsatu gabe arnasten duzu… Nik arnastea baino ez dut buruan”.
Arnasako kide ondarrutarrek gaineratu dute kamisetak eta bestelako materialak oraindik ere eskuragai daude. Beraz, interesa horiek erosi nahi dutenek haiekin harremanetan jarri baino besterik ez dute.