Hiru Txirlo Bola Txapelketa jokatuko da Arraten
Eskualdeko bolariek hitzordu berria daukate asteburuan Arraten. Bizkaiko Txapelketa ere emozioz bete dago; Markina-Xemeingo Hiru bolari daude sailkapenaren buruan.
Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa Arratera ailegatuko da asteburuan. Arrateko Amaren Sari Nagusia jokatuko dute domekan [irailak 8].
17:00etan hasiko da norgehiagoka Arrateko bolatokian, eta ohi modura, nahi duten guztiek parte hartu ahalko dute. Sari ederrak egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. Lehenengo gelditzen denak txapela, 100 euroko diru saria eta urdaiazpiko bat irabaziko ditu, bigarrenak 70 euro, hirugarrenak 50 euro, laugarrenak 30 euro eta bosgarrenak ezustekoa.
Euria egingo balu norgehiagoka atzeratu egingo litzatekela jakinarazi dute antolatzaileek. Horrela, hurrengo domekan, irailaren 15ean, jokatuko litzateke Eibarko Asola Berriko bolatokian.
Bizkaiko txapelketari dagokionez, momentu honetan Markina-Xemeingo hiru bolari daude sailkapenaren buruan: Mateo Guenaga dago lehen postuan 30 txirlo botata, bigarrena Antonio Ibarluzea da 30 txirlogaz bera ere, eta 29 txirlo bota ditu momentuz Iker Arizmendiarrietak.
[BEHIN BEHINEKO SAILKAPEN NAGUSIA]
Bizkaiko 30. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa irailaren 22an amaituko da Aulestiko Santa Eufemiko bolatokian egingo den azken jaurtialdian.