Zorion Kareaga markina-xemeindarrak Suhiltzaile, Polizi eta Emergentzi zerbitzuetako Espainiako Txapelketa irabazi du
Abuztuan lehiatu den txapelketan parte hartu du Markina-Xemeingo suhiltzaileak. Beteranoen mailako garaipena ere eskuratu du.
Los Corrales de Buelna Kantabriako udalerrian (Espainia) lehiatu den Suhiltzaile, Polizi eta Emergentzia zerbitzuetako Half distantziako Espainiako Txapeldun gelditu da Zorion Kareaga markina-xemeindarra. Beteranoen mailan ere nagusitu zen Kareaga, eta triatloiko sailkapen orokorrean 4. postu bikaina lortu zuen.
Emaitzagaz oso pozik dagoela azaldu du kirolari markina-xemeindarrak: “Nire lasterketa onenetarikoa egin dut”. Irteeran maila handiko triatleta asko ikusi zituela dio, eta horrek lasaitasuna eman ziola, “nire buruari presioa kentzen lagundu zidalako”.
Igeriketako tartean, 1.900 metroko zeharkaldian, taldekide duen Josu Vallinaren hanketan joan zela azaldu du. “Eta berari esker oso denbora ona egin nuen, 1.21 minutu 100m-ko erritmoan. Uretatik 10. irten nuen; eskerrik asko Josu”.
Bizikletako 90 kilometroetan ere ondo moldatu zen. “Buelnan neurria ondo hartzea oso garrantzitsua da, eta 41 kilometro orduko batez bestekoagaz aringa-aringa saiora oso indartsu jaitsi nintzen, 3. partzial onena markatuta”.
22 kilometro egin behar izan zituen ondoren, korrika. “Oso zirkuitu motela da, bero itzela egiten zuen, eta hori jakinda, hasieratik erritmo egokia hartu nuen; 4’09 kilometroko batez bestekoagaz 6. partzial onena”.
Oso lasterketa gogorra izan zela aitortu du Kareagak, eta triatleta askok ezin izan zuten amaitu, “punta puntako triatleta askok ere lasterketa utzi behar izan zuten”.