Aitor Antxustegik istripua eduki du Lekoizen, 'Everesting' laukoitza egiten ari zela
Berriatuarrak ezin izan du proba amaitu. Istripua atzo eduki zuen, 56. igoera egin eta gero. Galdakao-Usansoloko ospitalera eraman zuten. Berriatuarra ondo aurkitzen da, baina lepauztaia eta sei saihets hautsi ditu.
Aitor Antxustegi berriatuarrak beste erronka bat egin nahi izan du: Everesting laukoitza egin nahi zuen Lekoizen, eguaztenean hasi [irailak 4] eta barikura [irailak 6] bitartean. Oraingoan, baina, istripu bat tarteko, ezin izan du amaitu.
8.848 metroko desnibel metatua lau aldiz egitea zen berriatuarraren asmoa. Eguaztenean [irailak 4] 07:30ean hasi zen, eta hasiera batean dena ondo bazihoan ere, eguen goizean [irailak 5] istripua eduki zuen. “Bere kabuz altxatu zen, eta bizikleta ere berak altxatu zuen. Kolpearen ondorioz, baina, lepauztaia eta sei saihets hautsi ditu. Dena dela, datorren urtean Everesting laukoitza egiteko asmoa agertu du. Umoretsu dago”, esan diote HITZAri haren ingurukoek.
Proba datuetara eramanda, 35.392 metroko desnibel metatua egitean datza Everesting laukoitza. “Lekoiz 136 aldiz igo behar zuen; guztira 970 kilometro ziren”. Istripua 56. igoera egin eta gero gertatu zitzaion, proba egiten 24 ordu baino gehiago zeramatzanean”. Aurreikuspenen arabera, Antxustegik barikuan [irailak 6] 22:00ak eta 23:00ak bueltan amaituko zuen proba.
Proba amaitzea lortuko bazuen, berriatuarra legalki Everesting laukoitza egiten duen munduko lehenengoa izango zen. “Everesting laukoitza legalki egiteak suposatzen du Everesting bakoitzaren amaieran bi orduko atsedenaldia hartzeko aukera edukitzea. Eta Antxustegik hori bete egiten du. Izan ere, berak ez ditu bi orduko atsedenaldiak egiten, gutxiago baino”.
Esperientziaduna eta txirrindularitza zaleen artean ezaguna da berriatuarra. Everesting probak ere egin izan ditu aurretik. Iazko apirilean, esaterako, bikoitza egin zuen Lekoizen, eta hurrengo hilabetean hirukoitza Urkiolan. Baina horien aurretik ere Everesting-ak egindakoa da ondoko lekuetan: San Pedro (Elgoibar), Sollube (Bermeo) eta Karakate (Soraluze). Antxustegi. Eta proba horiek guztiak ondo prestatu eta gero egiten ditu.