'Nora' filma grabatuko dute Lekeition, eta figuranteen bila ari dira
Lara Izagirre zuzendari zornotzarrarena da filma. Grabaketa hilaren 11n izango da, eta 20-40 urte bitarteko neska eta mutilak behar dituzte.
Lara Izagirre zuzendari zornotzarraren Gariz Films ekoiztetxeak Nora filma ekoitziko du. Eta eguaztenean [irailak 11] Lekeition egingo dute grabaketa saio bat. Horretarako, hain zuzen ere, 20-40 urte bitarteko neska mutilak behar dituztela esan dute, figurante legez aritzeko. “Dantza egiteko gogoz dagoen jendea behar dugu”, zehaztu dute. 17:00ak aldera hasiko dira grabaketagaz.
Interesatuek posta elektroniko bat bidali beharko dute ondoko helbidera, izen-abizenak eta adina zehaztuz eta argazki bat gehituta: garazifilmscasting@gmail.com. Mezua bidaltzerakoan Figurazioa Lekeitio Nora gai ipinita bidali beharko da.
Iturri ezberdinek zehaztu dutenez, ehun pertsona inguru beharko dituzte eszena konkretu baterako. “Figurante legez parte hartu nahi duten herritarrek Gizarte Segurantzan alta emanda egon behar dute, eta grabaketan parte hartzeagatik 45 euro eskuratuko dute”. Lekeition grabatuko den eszena kontzertu batekoa izango da.