Gizaburuagako Andra Mari jaiak oso parte hartzaileak ari dira izaten
Briska txapelketan sekulakorik -eta parte hartze handiena egon dela nabarmendu dute antolatzaileek. 39 bikotek parte hartu dute karta jokoan.
Andra Mari jaietan murgilduta dabiltza Gizaburuagan. Gaur [irailak 9], jaietako azken eguna ospatzen ari dira: Oibarko Eguna. 11:30ean meza izan dute lehendabizi Oibarko ermitan, eta elizkizunetik atera direnek ermitaren alboko zelaian egin den erromerian geratzeko aukera eduki dute.
Mikel eta Lander trikitilariek alaituta, herritarrek prestatutako hamaiketako gozoa jan eta eztarriak bustitzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Herritarrek ez eze, alboetako herrietakoek ere estimu handia diote Oibarko zelaian egiten den erromeriari, eta, ohi modura, taldetxoa batu da zelaian.
Oibarko ospakizunak bazkal aurretik bukatu dira, eta jaiak iluntzean txokolate janagaz amaitu aurretik ere zer ospatu egongo da herrigunean. Arratsaldeak, besteak beste, mus txapelketa eta haur eta helduentzako egurrezko jolasak ekarriko ditu.
Herriko jai nagusiak, baina, zapatuan [irailak 7] hasi zituzten umeen pilota partiduekin. Domekan [irailak 8], berriz, jaietako egun handia ospatu zuten: Andra Mari eguna. Ohi modura, herriko gazteek musikaz girotutako mezagaz hasi zituzten ospakizunak. Eta osteko bertso poteoa egin ondoren, herritarrak txapel jaurtiketan batu ziren. Bi bazkariren saria, nahikoa aldeagaz, Juanito Trezet gipuzkoarrarentzat izan da aurten.
Arratsaldean haurrentzako eta gaztetxoentzako puzgarriak eta jolasak egin zituzten Ehunzangoren eskutik, eta jarraian egin zen briska txapelketan sekulakorik -eta parte hartze handiena egon zela esan dute antolatzaileek. Denetara, 39 bikotek parte hartu zuten. 130 euro eta garaikurraren irabazleak Amorotoko Marije eta Berriatuko Milloi auzoko Itziar izan ziren.
Tortilla Txapelketa ere oso jendetsua izan zen. Denetara, hamabost tortilla aurkitu zituzten, eta horietan guztietan goxoena Unai Artetxe eta bere alaba Laiarena izan zen. Artetxetarrek 100 euro eta garaikurra irabazi zuten. Andra Mari eguneko proposamenak musikaz inguratuta agurtu zituzten. Xaiborrek 15 urtez ikuskizun berriagaz dantzan.