Ondarroak zazpigarren amaitu du Kontxako Bandera
Gizonezkoetan Hondarribiak eta emakumezkoetan Oriok irabazi dute Kontxako Bandera. Bigarren jardunaldian seigarren postua eskuratu du Ondarroa Arraun Elkarteak.
Kontxako Banderaren bigarren jardunaldi erabakigarria domekan [irailak 8] jokatu zen Donostiako uretan. Antiguako Ama traineruak lehen txandan egin zuen arraun. Dena emanda estropada polita egin zuten ondarrutarrek. Euren txandan hirugarren iritsi ziren helmugara, Donostiarra txandako lehen sailkatuarengandik 16 segundo eta 48 ehunenekora (19.59,92).
Gizonezkoen lehiari dagokionez, bigarren jardunaldia, egia esan, nahikoa gorabeheratsua izan zen. Zierbenak oso estropada eskasa egin zuen ohorezko txandan, eta lanak Zierbenaren aurretik amaituta, lehen jardunaldian baino emaitza hobea lortu zuen Ondarroak. Seigarren amaitu zuten jardunaldia, Hondarribiarengandik 18 segundo eta 22 ehunenekora. Hori bai, bi jardunaldietako emaitzak kontuan hartuta, zazpigarren postuan amaitu dute aurtengo lehia, irabazlearengandik 48 segundo eta 64 ehunenekora (39.50,22).
Ohorezko txandan lehia sutsua eta emozioz betea egon zen Orio eta Hondarribiaren artean. Bandera irabazteko azken unera arte dena emanda ibili ziren bi taldeak. Joanekoan Oriok lau segundoko aldea ere atera zion Hondarribiari, baina ziabogan Hondarribiak egindako lan bikainak saria izan zuen, eta Oriok ateratako aldea berdinduz, parez pare ibili ziren itzulikoaren azken metroetan. Talde horia txanda irabazteko zorian egon bazen ere, 1 segundo eta 26 ehuneneko tartea lortuta Ama Guadalupekoa izan zen bigarren jardunaldiko azkarrena.
Lehen jardunaldian lortutako abantaila ere kontuan hartuta, Hondarribia izan da bigarren urtez jarraian Kontxako Banderaren jaun eta jabe gizonezkoetan, Oriori 6 segundo eta 80 ehuneneko tartea aterata.
Baina Donostiako bandera nagusia lortu ez baldin badute ere, harro egoteko moduko arrazoiak dituzte Ondarroako arraunlariek. Izan ere, zalantzarik barik, kolore gorria izan da garaile zaleen bihotzetan eta Donostiako kai eta alde zaharrean.
Arraun zaleek ez zuten hutsik egin urteroko hitzordura. Ehunka ondarrutarrek parte hartu zuten traineru estropaden festa ezagunean. Emandako datuen arabera, zalez betetako hamabi autobus joan ziren Donostiara herriko taldea animatzera, eta horrez gain, auto partikularretan eta garraio publikoan ere beste horrenbeste ere joan ziren, gainontzeko taldeen koloreen gainetik kolore gorria nagusituz.
Estropada amaitu ostean jendetza batu zen arraunlariei babesa emateko Aquarium aurreko arrapalan. Protagonistak arrapalara iritsi zirenean festa giroa nagusitu zen, pozez, maitasunez eta emozioz gainezka. Rru, Rru, Rru Ondarru! oihukatuz eta Argoitia anai-arreben Amets abestuz atsegin handiz sekulako harrera egin zieten arraunlariei, pasillo eta guzti. Momentu ahaztezinak eta hunkigarriak bizi izan zituzten arraun elkarteko kideek. Ezta gutxiagorako ere. Azken 23 urtetan hainbat saiakera egin ostean Kontxako Banderaren lehian parte hartzeko aukera eduki dute.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie Ondarroa Arraun Elkartea animatu duten ondarrutar guztiei, “herriaren izena han eta hemen zabaldu, gure izaera erakutsi eta zelako herria garen jakitera ematearren”. Bedialaunetak nabarmendu duenez, gutxitan ikusten da irabazlea ez den talde batek halako zalaparta sortu izana, “baina argi dago bandera Ondarroara etorri ez bada ere, zaletuen artean aurten ondarrutarrak izan garela txapeldunak. Harro nago! Harro eta pozik! Eskerrik asko!”.
Emakumezkoen lehian garaipen historiokoa lortu du Oriok, estreinako bandera nagusitasun osoz irabazita. Egundoko denboraldia egin dute Orioko emakumeek, Euskotren Ligari Kontxako bandera ere gehituz.
Lehia irabazteko faboritoak ziren, eta ez zuten hutsik egin. Ohorezko txandan lehen metroetatik estropadaren buruan jarri ziren, arerioei aukera bakar bat bera ere eman barik. Aurkariak nabarmen atzean lagata estropada bikaina egin zuten; estropada bigarren amaitu zuen Arraun Lagunak traineru donostiarrari 22 segundo eta 52 ehuneneko tartea atera zioten. Podiuma Arraun Lagunak eta kontsolazio txandan azkarrena izan zen Hondarribiak osatu zuten.
Oriogaz bandera irabazi dutenen artean Nerea Badiola eta Amaia Galdos arraunlari ondarrutarrak daude. Ondarroako alkateak zorionak eman nahi izan dizkie bi arraunlariei. Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak ere goraipatu du bi arraunlarien lana. Mar Larreak eta Saray Caamañok Gu Arraun taldeagaz lortutako bigarren postua ere azpimarratu nahi izan du Badiolak. “Nagore Osorok eta June Aranbarrik Zumaiako Telmo Deuna-gaz zabaldutako bideak jarraipena dauka Kontxan, eta seguru gaude laster herriko traineruagaz emango zaiola jarraipena historia horri”.
Irina Alkorta Bedialauneta berdinstasun zinegotziak herriko neskak kirolean hartzen ari diren protagonismoa azpimarratu du. “Urte luzez mutilena zela zirudien alor honek gero eta erreferente gehiago ditu herrian, bai arraunean eta bai arraunetik kanpo ere, eta horrek oso eragin positiboa edukiko du datozen belaunaldientzat. Guk ere sustapen lan horretan jarraituko dugu”.