Haritz Garate lekeitiarra laugarrena bere adin mailan munduko Ironman txapelketan
30-34 urte bitarteko kategorian parte hartu du lekeitiarrak. 4 ordu 21 minutu eta 54 segundo behar izan zituen proba osatzeko.
Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldeko Haritz Garate laugarren sailkatu da, bere adin mailan, Nizan (Frantia) ospatu den mundu mailako erdi distantziako 70.3 Ironman txapelketan. Proba bi egunetan banatuta jokatu zen, eta antolatzaileek iragarri zutenez, 100 herrialde baino gehiagoko 5.500 bat triatletak parte hartu zuten.
Zapatuan [irailak 7] emakumeen munduko txapelketa jokatu zen, eta domekan [irailak 8] gizonezkoena. Horretan parte hartu zuen Garatek, 2905 dortsalagaz aritu zen 30-34 urte bitarteko kategorian. Lekeitiarra 4 ordu 21 minutu eta 54 segundoko denbora bikaina eginez igaro zen helmugatik.
Haritz Garategaz gainera, Mireia Arrillaga lekeitiarrak eta Ondarroako Ioana Osak eta Asier Astigarragak ere parte hartu dute mundu mailako txapelketa ezagunean. Arrillagak, 1458 dortsalagaz, 30-34 urte bitarteko kategorian parte hartu du, eta Osak, 1349 dortsagaz, 35-39 kategorian. Astigarragak, berriz, 1028 dortsala eraman zuen, eta 45-49 urte bitarteko kategorian parte hartu du. Mireia Arrillagak 5.19.53 denboran osatu zuen proba eta Ioana Osak 05.23.49 denboran. Asier Astigarragak, berriz, 4.59.15 denboran.
Triatletek 1,9 kilometro egin zituzten igeri La baie des Anges-en; Bizikletan 91,3 kilometroko ibilbidea osatu zuten Niza inguratzen duten mendietatik zehar, tartean, 962 metroko garaiera duen Col de Vence igota; Eta amaitzeko, 21,2 kilometroko maratoi erdia egin zuten aringa-aringa.