Aulestiko Santa Eufemi jaiak, astelehenean hasi eta hilaren 22ra arte
Santa Eufemi eguna ospatuko dute aulestiarrek astelehenean [irailak 16], eta datorren asteburura arte luzatuko dituzte jaiak. Rock kontzertuak barikuan [irailak 20] izango dira.
Uda sasoiari merezitako amaiera emateko eta hasi berri den ikasturteari gogoz ekiteko elkartuko dira aulestiarrak aurten ere Santa Eufemi jaietan. Astelehenean [irailak 16] ekingo diote martxari, eta urtero bezala, jardueraz betetako egitaraua prestatu dute, inor asper ez dadin.
Goizean goiz, Urregarai ermitan batuko dira herritarrak, mezan, eta zelaia jendez beteko dute haur, gazte zein nagusiek. Izan ere, batzuek zein besteek ez dute aspertzeko aukerarik izango. Bola eta txapel txapelketetan parte hartzeko aukera edukiko dute bertaratutakoek, eta txikienek, gainera, poney gainean inguruak zeharkatu eta paisaiaz gozatzeko tartea ere izango dute.
Jaietako arduradunek adierazi dutenez, «asteleheneko egitaraua urtero izaten da oso antzekoa, eta lan eguna bada ere, jendea etortzera animatu nahi dugu. Egun oso atsegina izaten da, eta eguraldia lagun izanez gero, ondo pasatuko dugula ziur gaude».
Musika izango da protagonista nagusia astelehenean: eguerdian hasi eta iluntzera bitartean, Esteibar eta Obietagaz eta Lisker taldeagaz batera erromeria doinuek ez dute etenik izango.
Asteburu oparoa. Irailaren 20an bueltatuko dira ospakizunak herrira, rock kontzertuak tarteko. Iaz egin bezala, Matraka elektrotxaranga donostiarrak berotuko du giroa. Izan ere, ostean eztanda egingo du jaiak. Nikotina & Little Martin Selektah lehenengo, eta gero, Modus Operandi ska taldeak taularatuko dira. Betagarri taldearen abeslaria izan zen Iñaki Ortiz de Villabaren proiektu berria da azken hori, eta lehen diskoa aurkezten dabil taldekideekin batera herriz herri.
Bartzelonatik etorritako Tribade rap taldea ere gonbidatu dute jaien antolatzaileek, eta aldarrikapen sozialez betetako kantak abestuko dituzte hiru emakumezko kideek. Ezten Giro erromeria izango da gauari azken bultzada emango diona, bertaratutakoak dantzan jarriz.
Kontzertu guztiak doakoak izango dira, eta eskualdeko gainerako herrietatik joan-etorria egiteko Gababus zerbitzua jarri dute. Txartelak, ohi bezala, udaletxeetan eskuratu daitezke. Bizkaibusek ere zerbitzu berezia eskainiko du. Lekeitiotik 19:50ean irtengo da azken autobusa, eta itzulerako lehenengoa 07:30ean izango da. Gernika-Lumotik, beste alde batetik, 21:00etan irtengo da azken autobusa, eta 06:00etan izango dute bueltatzeko lehena.
Irailaren 22an, Santa Eufemi jaietako jarduera entzutetsuenetan murgilduko dira aulestiarrak. Meza ostean, euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute, zelaian. Eta horren ostean, 39. Ermitara Igoera lehiatuko dute: «Iaz izan genuen parte hartzea errepikatzea espero dugu, baina euria egingo duen edo ez izango da gakoa». Parte hartu nahi duenak egunean bertan eman beharko du izena.
Gizonezkoek zein emakumezkoek dirusari bera jasoko dute: 90 euro eta txapela irabazleek, 75 euro bigarren sailkatuek, 60 euro hirugarrenek, 45 euro laugarrenek eta 30 euro bosgarrenek. Herriko lehenengoarentzat sari berezia egongo da, eta ezarritako marka hausten duenak 60 euro gehiago jasoko ditu. 30. Irrintzi Txapelketa ere egingo dute. Sari politak eskuratuko dituzte hiru irrintzilari onenek: 85 euro eta txapela, 70 euro eta 45 euro. Arratsaldean, jaiak hasi bezain ondo amaitzeko, Esteibar eta Obieta zein Bide Batez erromeriek agurtuko dute.