Datorren astean zabalduko dute Markina-Xemeingo Frai Bartolome kalea
Ordura arte, Zelaibarrira zuzentzeko, Goikoportaletik sartzen jarraitu beharko dute ibilgailuek. Urbitarteko lanak, berriz, irailaren amaierarako amaituta egotea espero dute.
Lurzoruaren inprimazio lanak direla eta, ibilgailuen zirkulazioari itxita dago Markina-Xemeingo Frai Bartolome kalea. Soilik bertan garajea dutenek daukatela baimenduta sarrera jakitera eman du Markina-Xemeingo Udalak. Datorren astelehenerako [irailak 16] errepidea zabalik egotea aurreikusten dute. “Ordura arte, Zelaibarrira zuzentzeko, Goikoportaletik sartu beharko dute ibilgailuek”, zehaztu du udalak.
Zelaibarriko lanak bi fasetan egiten ari direla jakitera eman dute: Alde batetik, Kintal tabernatik garaje sarreraraino, eta bestetik, garaje sarreratik Bizenta Mogel parkeraino. “Modu horretan, garajeetara sarbidea bermatuko da uneoro”.
Ur Partzuergoa Urbitarteko ur saneamendu sisteman egiten ari den lanei dagokienez, irailaren amaierarako amaituta egotea espero du udalak, Arretxinagako jaietarako, hain zuzen. Bestalde, Iparragirreko EUT-aren eta Ibazetako zundaketaren arteko konexio proiektuaren obrak urri amaieran amaituko direla aurreratu dute. Iturritxu kaleko lanak eginda, Karmengo kalekoak aste honetan amaituko direla azaldu dute.