Ekitaldiak antolatu dituzte Markina-Xemeinen Gudari Egunaren harira
Euskal Herriaren historia hurbileko aldi desberdinak gogorarazi nahi dituzte ekimenen bitartez. Asteburuan hasiko dira ekimenak itsasgarri erakusketagaz.
2019ko Gudari Egunaren harira, ekimen ezberdinak egongo dira datozen asteburuetan, Markina-Xemeinen. Euskal Herriaren historia hurbileko aldi desberdinak gogorarazi nahi dituzte ekimenen bitartez. Horretarako, itsasgarri erakusketa, bisita gidatua eta dokumental emanaldia egongo dira, besteak beste, irailaren 27ra bitartean.
Asteburu honetan zabalduko dute itsasgarri erakusketa. Barikutik [irailak 13] domekara [irailak 15] bitartean egongo da 70.000 itsasgarri baino gehiago bilduta dituen markina-xemeindar baten bildumako lagin bat ezagutzeko aukera Akerbeltz gaztetxean. Era eta tamaina guztietakoak egongo dira ikusgai: emakumeenak, presoenak, ekologiari lotutakoak, politikoak, sindikalak, gazteenak, irrati libreetakoak, komunikabide alternatiboak, gaztetxeak… “Ekimen honegaz azken mende erdian euskal erresistentziak izan dituen borroka forma, molde eta eduki desberdinen historia eta bilakaera ikusi, ikasi eta errepasatuko dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Erakusketaren ordutegia hurrengoa izango da: Barikuan [irailak 13], 18:00etatik 21:00etara; zapatuan [irailak 14], 11:00etatik 13:00etara eta domekan [irailak 15], 17:00etatik 20:00etara.
Horrez gain, domekan [irailak 15], 36ko gerran eraikitako Markinaldeko frontearen defentsarako bigarren lerroko instalazioetara bisita gidatua antolatu dute Ahaztuen Oroimena elkarteagaz batera, Zapolako defentsa lekuetara, hain zuzen. Ibilaldi horretan gerrak Markinaldean izandako eragina, bilakaera, ondorioak eta aztarnak ezagutzea da asmoa. “Dinamika zehatz hau gure herriaren pasarte gordin horren inguruan informatzeko izategaz gainera, Ahaztuen Oroimena taldea egiten ari den lanari gure errekonozimendua, begirunea eta jakin mina adierazteko era bat ere bada”.
2018ko ekainean, Zapolako bunker eta lubakiak auzolanean garbitu eta txukuntzen ari zirela, Zapolako beste aldean, beste bunker bat zegoela jakin zuten Ahaztuen Oroimena elkartekoek, Felipe Urkidi Beñek horrela azalduta. Hurrengo asteetan bila aritu eta irailean aurkitu zuten Beñek esandako bunkerra. Aurkitu ondoren, bertaratzeko bide bat ireki zuten. Geroago, beste testigantza batzuen haritik, Zapolazpia bunkerra eraikitzeko Meabetik egindako bidea ere aurkitu eta garbitu zuten. “Orain zabaldutako bideak erabiltzea eta mantentzea nahi dugu, herritarrek Zapola inguruko defentsarako instalazioak ezagutzea nahi dugu, bere egunean egindako lan eta ahaleginen zergatiaz transmititzearen garrantzia mahai gainean jarriz”, azaldu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek. Hori dela eta, antolatu dute domekako bisita, herriko beste eragile batzuekin batera. 09:00etan izango da irteera, Atxondo kiroldegi aurretik.
Bestalde, irailaren 20an, 2000 urtean Boluetan hildako Patxi Rementeria ETAko militantearen bizitzari buruzko Patxi, garaien laberintoan 1961-2000 dokumentala emango dute egongo da Akerbeltz gaztetxean: . “Rementeriaren haurtzarotik heriotzera arte, bere garapen eta bilakaera pertsonal eta politikoa, Euskal Herriak bizi izan dituen garai politiko desberdinekin elkarlotuta”. Emanaldia 19:00etan hasiko da.
Ekimen sorta irailaren 27an amaituko dute. “Urrun dugu Txiki eta Otaegi 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten egunsentia, baina oraindik ere malkoak dira soilik libre Espainiako eta Frantziako estatuen menpe, zatituta, ukatuta eta zapalduta jarraitzen du-eta gure herriak. Hori dela eta, denon askatasunaren aldeko borrokan, konpromisoaren eta elkartasunaren eredu eta irudi diren Euskal Herriko seme-alaben memoria bizirik mantentzera dator ekimena”.