Humanity At Music emanaldian parte hartuko du Markina-Xemeingo Emeki Koralak
Mondragon Korporazioak bultzatutako ekimena Gasteizko Buesa Arenara ailegatuko da zapatuan. Hamabost mila lagun batu nahi ditu bertan Korporazioak.
Lea-Artibaiko kooperatibak parte diren Mondragon Korporazioak sustatutako Humanity at Music Sinfonia Kooperatiboa Gasteizko Buesa Arenara iritsiko da zapatuan [irailak 14] egun osorako ekintzekin eta ikuskizun kultural-kooperatiboarekin. Mondragonen historia, oraina eta etorkizuna kontatzeko modu berri bat erakutsi nahi du Humanity at Music-ek, eta horretarako musika, narratiba, kantua, ilustrazioa, bertsolaritza, antzerkigintza eta dantza bilduko ditu.
Jon Sarasuaren hitzak abesbatza erraldoi batek abestuak eta Fernando Velázquez konposatzailearen musika izango dira Buesa Arenan egingo den musika ikuskizunaren oinarri. Horiez gain, Kukai dantza taldea, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, bertsolariak, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots eta abesbatza eta dantza talde ezberdinetako 1.000 dantzari eta abeslari aterako ditu agertokira ekitaldiak. Horien artean, Markina-Xemeingo Emeki Koraleko abeslariak agongo dira.
Gasteizko Buesa Arenan hamabost mila lagun batu nahi ditu Korporazioak. Ikuskizun nagusia 18:00etan hasiko da.