Ondarroa Arraun Elkarteak Bermeoko eta Portugaleteko estropadetara joateko autobusak antolatu ditu
Asteburuko jokatuko diren estropadak ikusteko autobusetan joan nahi dutenek gaur eta bihar eman beharko dute izena arraun elkartean.
Eusko Label Ligaren azken txanpan sartuta, liga amaitzeko bi estropada besterik ez dira geratzen. Hain zuzen ere, asteburuan jokatuko dira falta diren azken bi estropadak (Bermeoko 37. Bandera eta Portugaleteko 49. Sari nagusia) eta Ondarroa Arraun Elkarteak Antiguako Ama traineruko arraunlariak animatzera joateko autobusak antolatu ditu.
Autobusetan joan nahi dutenek arraun elkartean izena eman beharko dute gaur [irailak 11] eta bihar [irailak 12], 18:00etatik 20:00etara bitartean, 10 euroren truke. Zapatuan [irailak 14] Bermeoko estropadetara joateko autobusak Itsasaurretik egingo du irteera. 15:00etan jarri dute hitzordua; bueltarako autobusa Bermeotik 20:30ean irtengo dela jakinarazi dute. Domekan [irailak 15] berriz, Portugaletera joango dira ondarrutarrak. Berriz ere Itsasaurren batuko dira autobusa hartzeko. 09:30ean irtengo dira, 14:30ean Portugaletetik bueltatzeko asmoz.