Goitik behera jaitsita, jaiak eztanda egin du Mutrikun
Mutrikuarrak bariku gauean [irailak 13] hasi ziren Galbaixo Jaiak ospatzen. Gaur [irailak 14], urteroko hitzordua eduki dute goitibeherekin. Jai giroa bizi-bizi dago Mutrikun, astelehen goizaldera arte behintzat.
Galbaixoetako danborradarekin hasi ziren barikuan [irailak 13] Mutrikun Galbaixo Jaietako ekintzak. Gaur [irailak 14], egitarauan agertzen ez den baina falta ezin den ekintza izan da nagusi: Goitibeheren jaitsiera. Guztira 100 goitibehera inguruk parte hartu dute ekintzan, eta hormaren bat edo beste jo dutenak egon badira ere, ez da aparteko gorabeherarik gertatu.
14:30ean puntuan, txupinaren eztandarekin batera hasi dira lehen goitibeherak Galbaixo gainetik Goiko Plazarako bidea egiten. Ordu horretarako, goiko biribilgunean, Goiko Plazan eta Entzusetik beherako espaloiak herritarrez beteta zeuden. Guztiak prest goitibeherak ikusteko. Bi ordu inguru iraun du jaitsierak.
Banaka, binaka, hirunaka eta talde handietan. Horrelaxe jaitsi dira mutrikuarrak, baita ere kanporrak (inguruko herrietakoak). Goitibeheren artean denetarik ikusi ahal izan da: sinpleagoak eta oso-oso landuak. Mutrikun bizi diren ondarrutarrek, esaterako, txalupa bihurtu dute goitibehera; Txinpon Bi izena zeukan txalupak. Ostera antzean, suziriak eta bestelako aldarrikapenak izan dira nagusi. Iñigo Muguruzari aipamena egin dion goitibeherarik ere egon da.
18:00etan aurtengo Galbaixo Jaietako lehenengo sokamuturra egon da. Eta hortik aurrera musika, dantza eta parranda izan dira nagusi.