Lea-Artibaiko EAJk Koldo Goitia proposatu du Amankomunazgoko lehendakaritzarako
Lea-Artibaiko EAJk irailaren 12an egin zuen Uri Batzarra, eta horretan "aho batez" erabaki zuten gaur egun Lekeitioko alkatea dena izatea Lea-Artibaiko Amankomunazgoko presidentziarako hautagaia.
Lea-Artibaiko EAJ esan duenez, Lea-Artibaiko Amankomunazgotik mankomunatutako gizarte zerbitzuak eta hondakinen zerbitzua bultzatu eta indartu nahi dituzte. “Goitiak hogei urte baino gehiago daramatza administrazio publikoan lanean. Amankomunazgoa udaletxeen zerbitzura dagoen tresna moduan ulertuta, zerbitzuak jasangarritasunetik eta beti Lea-Artibaiko herritarren zerbitzura kudeatzea dauka helburu”.
2011ko azaroan Jabier Abasolo EAJren kidea izendatu zuten Amankomunazgoko presidente, eta 2015eko azaroan Rakel Elu Bengoetxea EH Bilduren kideak hartu zuen presidente kargua. Maiatzean udal hauteskudeak egin eta gero, momentu honetan Elu da Lea-Artibai Amankomunazgoko jarduneko presidentea. Azaroan egingo da bozketa, eta orduan jakingo da datozen lau urteetan nor izango den Amankomunazgoko presidentea.
Koldo Goitiaren ibilbidea. Koldo Goitia 1968an jaio zen. Deustuko Unibertsitatean Turismo Enpresa eta jardueretarako teknikari titulua atera zuen. Ikasketak amaituta eta titulua eskuratuta, Aisialdiaren Kudeaketa masterra egin zuen unibertsitate berdinean. “Bere ibilbide profesionala beti egon da lehen sektoreagaz eta horrekin zerikusia duten jarduerekin oso lotuta. Hau da, nekazaritzagaz eta arrantzagaz”. 2015ean Lekeitioko alkatetzarako aurkeztu zen, eta hauteskundeak irabazi egin zituen. Aurten, berriro ere bozka gehien lortu eta alkatetzari eutsi dio.