Dantza garaikidea eta Yoga familian ikastaro berriak, Uhagon kulturgunean
Urteroko ikastaroez gain aukera berriak eskainiko dituzte aurten, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Izen ematea zabalik dago barikura [irailak 20] arte.
Ikastaro berriekin hasiko du ikasturtea Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneak. Urteroko ikastaroez gain –taichi, gimnasia luzaketak, saloi dantzak, sevillanak, oihal ikastaroa, dantza klasikoa eta dantza modernoa–, dantza garaikidea, mugimendua eta gorputz adierazpena eta dantza afro garaikidea emango ditu eguenetan Ikerne Mendieta dantzari, irakasle, psikopedagogo eta arte terapeuta lekeitiarrak. Yoga familian egiteko aukera ere egongo da zapatu goizetan Gorka Bilbao markina-xemeindarraren eskutik.
Azaldu dutenez, 7 urtetik aurrerako umeentzat eta helduentzat dago zabalik dantza garaikidean parte hartzeko aukera. Helduentzat, gainera, dantza afro garaikidea ere emango dute. Helduen kasuan, dantza garaikidea eta dantza afro garaikidea txandakatzen joango dira asterik aste. Hau da, aste batean bat emango litzateke eta hurrengoan bestea. Umeen ikastaroa eguenetan 17:00 etatik 18:00etara izango da, nagusien eskolak berriz, 18:00etatik 20:00etara. Dantza garaikidea ezagutu ahal izateko ordu beteko proba saio bat eskainiko dute doan. Proba saioa irailaren 26an izango da, hala ere, parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik.
Urriaren 5ean hasiko da Yoga Familian ikastaroa. Zapatu goizetan izango dira saioak 11:00etatik 12:30era. Familia bakoitzeko bi kidek parte hartu dezakete gutxienez, baina kide gehiagok ere parte hartzeko aukera badagoela jakitera eman dute. Bestalde, astero barik hilean behin parte hartzeko interesa izanez gero kulturguneko arduradunekin jarri daiteke kontaktuan.
Bestalde, irakaslea aldatuko bada ere, dantza klasikoa ematen jarraituko dutela jakitera eman dute. Irakaslea Garazi Etxaburu irakasle eta dantzari ondarrutarra izango da. Dantza hastapena eskainiko dute 4 urtetik gorakoentzat astelehenetan 17.00etatik 17.45etara eta dantza klasikoa 7 urtetik gorakoentzat astelehenetan edo eguenetan 17.45etik 19.00etara.
Ikastaro guztietan izena emateko epea zabalik dago barikura arte [irailak 20]. Horretarako Uhagon kulturgunera deitu (94-616 63 03/640 29 09 64), idatzi edota bulegora joan daiteke. Bulegoko ordutegia 09:30etatik 14:00etara artekoa da egunero eta martitzenetan eta eguaztenetan 15:30etik 19:00etara ere bai.
Ikastaro horiez gainera, alde batetik, antzerki tailerra ere egongo dela aurreratu dute, Herribixiren eskutik, 8 urtetik gorakoentzat. Eta bestetik, azaroan, Txakur Gorria sormen kolektiboaren eskutik sormenari lotutako tailerrak egongo direla jakinarazi dute.