Ibai Arantzamendi boxeolariak beste garaipen bat lortu du
Markina-xemeindarrak puntuetan irabazi dio borrokaldia Guillermo Fernandez errioxarrari Galdakao Sutan jaialdian. Galdakaoko Urreta kiroldegian jokatu da boxeo jaialdia.
Ibai Arantzamendi boxeolari markina-xemeindarrak beste garaipen bat eskuratu du 4Boxing ligan. Euskobox Green taldean ari den Elite Sport-eko boxeolariak puntuetan irabazi zion Guillermo Fernandez errioxarrari zapatuan [irailak 14] Galdakaoko Urreta kiroldegian jokatu zen pisu astunen mailako (91 kg-tik gora) ekitaldian.
Boxeoa, Kick Boxing eta K1-ak osatu zuten Galdakao Sutan ekitaldiaren egitaraua, eta ringera igotzen laugarrenak izan ziren Arantzamendi eta Fernandez. Lehen erasoaldian itzelezko sustoa hartu zuen markina-xemeindarrak. Ezustekoan hartu zuen Fernandezek eta kolpe handia eman zion. 10 segundoko kontaldian berreskuratu zen Arantzamendi, bizkor suspertu zen zorabiotik, eta erasoaldiak aurrera egin ahala indartzen joan zela azaldu du. Horrela, kolpea itzuli zion aurkariari, bete betean harrapatuz.
Bigarren garaipena. Aurretik ere aurkitu dira aurrez aurre Markina-Xemeingo eta Errioxako boxeolariak, eta orduen ere Arantzamendi izan zen nagusi. Maiatzaren 11n, Lapuebla de Labarcan egindako borrokaldian KOz irabazi zion Arantzamendik Fernandezi. Errioxarraren kolpeak saihestu eta indartsu kolpatu zuen, eta lehen borrokaldia amaitzear zegoela eskumagaz emandako kolpe indartsu bategaz jaurti zuen lurrera.
Datorren hilean jarraituko du borrokatzen Arantzamendik. Ligaren finalaurrekoak eta finala jokatuko direla jakitera eman du.