Kantabriako probetan debutatuko du Ainhoa Ibarzabal markina-xemeindarrak
Reinosako (Kantabria) San Mateo jaietako idi deman parte hartuko du zapatuan. Jose Carlos Fernandezen idi-parea gidatuko du.
Hainbat urtez Euskal Herriko probalekuetan ibili ondoren, Kantabriako (Espainia) plazetara igaroko da Ainhoa Ibarzabal markina-xemeindarra. Zapatuan [irailak 21] egingo du estreinaldia Reinosan, izan ere, egun horretan San Mateo jaietako azoka ezaguna ospatzen dute, eta horren harira antolatu dituzte behi eta idi demak. Azken horietan parte hartuko du Ibarzabalek Jose Carlos Fernandezen idi-parea gidatuz.
Azaldu duenez, Kantabrian atzera-aurrera barik borobilean eramaten dute idiek 1.800 kiloko harria: “10 minutuko saioa izaten da bakarrik. Denbora horretan buelta gehien ematen duenak irabazten du”. Modu horretara parte hartuko duen lehen esperientzia izanik, urduri dagoela aitortu du markina-xemeindarrak, baina, aldi berean, gogo handiz dago. “Marra bat egoten da eta marra hori zapalduz gero ez da ustela izaten, kanporatuta geratzen zara, hori da nire beldurra”.
Jose Carlos Fernandezen idiak ezagunak ditu Ibarzabalek. Lemoako Andrakasenak ziren idiak eta Etxebarriko Pazkoetako Idi Probetan parte hartu zuten azkenengoz, Kantabriara joan aurretik. “Gorrigaz txapela aterata nago, orain dela urte batzuk, Berriatuko Madalenako jaietan”. Beste idia, Baltxa, bere begikoa da. Horiek ikustera joan zen Kantabriara, eta horrela sortu zitzaion Reinosako deman parte hartzeko aukera. “Abuztuaren 11n Cabezon de la Salera joan nintzen idiak ikustera, eta euren nagusiarekin hartu-emanetan hasita, idiak eramateko eskatu zidan”.
Euskal Herrian probalekura ateratzen diren emakumeak gutxi badira, Kantabrian are gutxiago. Beraz, idi-parea gidatuko duen lehen emakumea izango da Ibarzabal. Cabezon de la Sal-en ere, idiekin ikusita, harritu egin zela jendea dio. “Idien jabea nintzen galdetzen zidaten”. Ikusleen interesa nabarituta, Kantabrian federatu zuen animalien jabeak eta lehen hitzordua ezarri dio. 17:00etan hasiko da norgehiagoka.
Urte asko. Gaztetatik hasi zen Ainhoa Ibarzabal proba munduan. 16-17 urtegaz atera zen MeƱakan lehen aldiz probalekura. Hortik aurrera, hainbat auzo eta herrietako probetan egon da idi edo zaldiak harri zein lur gainean eramaten. Milloi, Erdotza, Lekeitio, Barinaga, Asterrika, Aizarnazabal, Iruzubieta… Ekainean egin zuen azken proba Bergaran eta Kantabriako probalekuetan hasiko du orain, erronka berria.