Epe motzean Ondarroako Andra Mari eliza astegunetan ez zabaltzeko erabakia hartu dute
Oraindik datak zehaztu barik badaude ere, HITZAk baieztatu ahal izan du bi edo hiru hilabeteko epean astegunetan ez dela mezarik eskainiko Ondarroako parrokian. Asteguneko mezak Kalapitxin eskainiko lituzkete, baina oraindik gauzak zehazten ari dira.
Asteguneko mezetan jende gutxi batzen dela eta, Ondarroako Andra Mari parrokia astegunetan ez zabaltzeko erabakia mahai gainean ipini dute elizako ordezkariek. Epeak zehaztu ez badituzte ere, herrian zabaldutako zurrumurruen aurrean azalpenak eman nahi izan dituzte. “Bi edo hiru hilabete barru izango da, baina oraindik ezin dugu zehaztu”. Dena dela, erabaki zehatzak hartzen dituztenean, herritarrei jakitera emango dizkietela esan dute.
“Astegunean jende gutxi batzen da Andra Mari elizan. Eta eliza zabaltzea gastu handia da. Orain, gainera, negua datorrela eta, berogailuekin-eta gastua gehiago handitzen da”. Horren aurrean, astegunetako mezak Kalapitxin eskaintzea aurreikusi dute. “Oraindik, baina, Kalapitxi ere egokitu egin behar dugu. Gauza asko ditugu egiteko”.
Hiletak eta asteburuetako elizkizunak parrokian egiten jarraituko direla esan dute. “Zapatu iluntzeetako mezak, domeka eguerdikoa eta hiletak bere horretan mantenduko dira. Astegunetakoa da aldatuko dena”. Zehaztu dutenez, azken urteetan ere zapatu goizeetan ez da mezarik eskaintzen Ondarroako parrokian. “Zapatu goizeetan, astegun goizetan legez, eliza itxita egoten da”.
Bide beretik, herritarrei zuhurtziaz jokatzeko eta zurrumurruen aurrean informazio ofizialaren zain egoteko eskatu nahi izan diete. “Dena zehazten dugunean, guk geuk jakinaraziko diegu herritarrei”.