Ibilbide berria estreinatuko du Lekeitioko VII. Dzanga Itsas Kayak Txapelketak
Elantxobetik Lekeitiora arteko 13 kilometroko zeharkaldia egin beharko dute parte hartzaileek. Domekan lehiatuko dute proba.
Lekeitioko Dzanga piragua taldeak antolatuta, VII. Dzanga Itsas Kayak Txapelketa lehiatuko da domekan [irailak 22]. Orain arte, Isuntza hondartzatik irten eta hiruko bat osatuta berriro Isuntzara itzultzen ziren parte hartzaileak. Aurten, aldiz, Elantxobetik Lekeitiora arteko 13 kilometroko zeharkaldia egin beharko dute parte hartzaileek, 7 itsas milia.
Itsas Kayak munduko jendeari zeharkaldiak egitea gustatzen zaiola ikusita ibilbidea aldatzea erabaki dutela azaldu dute Dzanga piragua taldekoek. Haizeak mendebaldetik ekialdera jotzen duenez, gainera, olatuak ere hartu ahalko dituztela zehaztu dute.
Antolatzaileen aurreikuspenak gaindituta, guztira maila ezberdinetako 57 palista bilduko ditu aurtengo kirol probak: bost emakume eta 52 gizonezko. Euskal Herriko kirolariez gain, Kantabria eta Asturiasko parte hartzaileak ere egongo dira, eta jakitera eman dutenez, parte hartzaileen artean lekeitiarrak ere badaude: “Joseba Iturraspek surfski kategorian parte hartuko du eta Jon Elordik tradizionalean”. VII. Dzanga Itsas-Kayak Txapelketagaz gainera, 2019ko Bizkaiko Itsas-Kayak Txapelketa ere lehiatuko dute parte hartzaileek modalidade ezberdinetan: Sprinter/Surfski eta Tradizionala.
11:00etan talde buruen bilera egingo dute Elantxoben, eta 12:00etan hasiko dute zeharkaldia. Behar izanez gero, parte hartzaileek momentu oro laguntzarako ontziak izango dituztela jakitera eman dute antolatzaileek. Zeharkaldia itsasoko Kayakeko Euskadiko Koparen barnean aurkitzen da, eta txapelketa horretako araudia jarraituz egingo da.