‘Margolaria’ dokumentala proiektatuko dute Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean
Solasaldi musikatua egongo da ondoren Oier Aranzabal zuzendariarekin eta Mikel Urdangarin musikariarekin. 20:30ean hasiko da barikuko emanaldia.
Mikel Urdangarin protagonista duen eta Oier Aranzabalek zuzendutako Margolaria dokumentala ailegatuko da barikuan [irailak 20] Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunera. Emanaldia ez dator bakarrik, proiekzioaren ondoren solasaldi musikatua egongo da-eta zuzendariarekin eta musikariarekin. 20.30ean emango dute pelikula Uhagon kulturguneko terrazan, aire librean, doan.
Mikel Urdangarin bakarlariaren bidaia du ardatz pelikulak. Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak elkarrizketa bat izaten dute goiz batean Skype bidez. Margolariak bere obretako bat eskainiko dio musikariari opari, baina baldintza batekin: musikariak itsasoan zehar, ferryan, joan beharko du Londresera opariaren bila. Bidaia aitzakia harturik, bere lanaren emaitzaz bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan barrenduko da filma.