Udako bisitarien kopuruak gora egin du Lekeition
Turismo bulegoak 13.000 bisitari baino gehiago jaso ditu. Basilika da eraikinik bisitatuena.
Lekeitioko turismo bulegoak jasotako datuen arabera, Lekeitioko bisitarien kopuruak gorantz egin du udan. Jakitera eman dutenez, uztailean eta abuztuan 13.057 bisita jaso ditu bulegoak, iaz baino 387 gehiago.
Jatorriari dagokionez, frantziarrak izan dira gehiengoa (1.798). Horiez gain, Bizkaiko (1.720), Madrilgo (1.453) eta Herrialde Katalanetako (1.356) bisitariak nagusitu dira. Bisitatu dituzten lekuei erreparatuta, bisita gehien jaso dituen eraikina Andra Mariaren Zeruratzea basilika izan da. 2.331 pertsonak bisitatu dute Lekeitioko parrokia udaldian. Kopuruak gorantz egin du gainera; iaz baino 714 bisitari gehiago egon dira aurten (2018an 1.617 izan ziren).
Marierrotan ere nabaritu dute bisitarien igoera. “Guztira 822 erabiltzaile izan ditu, aurreko udan baino 328 gehiago”. 2018an 494 pertsonak bisitatu zuten.
Santa Katalina Itsasargiak ere bisita asko izaten ditu. Zehaztu dutenez, itsasargiak 1.077 bisita eduki ditu. 2017ko datuekin alderatuta, orduan baino 239 erabiltzaile gehiago egon dira aurten. “Datuak aztertzeko 2017koekin konparatu ditugu, izan ere, iaz egun batzuetan itxita egon zen itsasargia”, argitu dute. 2017an 838 bisitari izan zituen.
“Orokorrean turisten kopuruak gorantz egin du esparru guztietan, iazko datuekin konparatuta”, esan dute. Hori dela eta, udaldiaren balorazio positiboa egin dute.