Urregaraira irteera antolatu du Etxebarriko ETX kultur elkarteak
Domeka [irailak 22] goizean abiatuko dira Aulestiko mendira eta parrillada egingo dute bertan.
Oporrak amaitu bezain laster martxan hasi da Etxebarriko ETX Kultur Elkartea, eta urtero modura, aurten ere irteera antolatu dute Urregarai mendira. Domekan [irailak 22] abiatuko dira Bedartzandi-Urregarai mendilerroko tontorrik altuenera.
09:00etan irtengo dira Etxebarriko Plaza Barritik Urregarairantz, eta bidean aranak batuko dituztela jakitera eman dute. Izan ere, 14:30ean parrillada egingo dute, eta horren ostean, patxarana egiteko ikastaroa emango dute. “Parte hartzaileek patxarana eroango dute etxera borondatearen truke”, azaldu dute.
Lagun artean egingo den irteeran parte hartzera animatu dituzte herritarrak.