Arantza Zuluetak noiz kartzelaratuko duten jakin barik jarraitzen du
Gaur [irailak 24] jaso du idatzizko epaia Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina kartzelara noiz joan beharko duen ez diote jakinarazi.
Irailak 16 goizean egin zen Espainiako Auzitegi Nazionalean 11/13 Sumarioko epaiketa eta gaur [irailak 24] jaso du idatzizko epaia Arantza Zuluetak Madrilen dagoen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiketan esan bezala, hiru urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri diote, hala ere, aurretik behin-behinean egindakoagatik, hilabete gutxi batzuk egin beharko ditu kartzelan, bost bat gutxi gorabehera. Horrez gain, inhabilitazioa ere izango du.
47 auzipetuetatik bakarrik Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak joan beharko dute espetxera eta 10 eguneko epean kartzelan sartuko zituztela pentsatzen zuen arren, oraindik datarik ez diotela eman jakitera eman du Zuluetak. Sententzia irakurtzerakoan uste zuten jakinaraziko zietela eguna, baina ez da horrela izan.
Apurka-apurka ari dira epaia jasotzen 47 auzipetuak. Atzo nafarrak igaro ziren Espainiako Audientzi Nazionaletik, gaur arabarrak eta bizkaitarrak eta gipuzkoarrek bihar arte itxaron beharko dute.
Asanblada. 11/13 auziko epaiketaren harira, asanblada informatiboa egin zuten zapatuan [irailak 21] Lekeitioko kultur etxean. Arantza Zuluetak ere parte hartu zuen asanbladan, eta hartutako erabakiaren inguruko azalpenak eman eta egungo egoera azaldu zuen. Kultur etxea bete bete egin zen abokatua entzuteko.