Eguenera arte egongo da zabalik IV. Ondarru-Lekitto Kostaldeko Lasterketan parte hartzeko aukera
Momentuz 196 korrikalarik eman dute izena Herrikrosaren webgunean. Zapatuan lehiatuko da proba, 17:30ean Ondarroatik irtenda. Autobusak jarriko ditu Tximista atletismo taldeak.
Zapatuan [irailak 28] lehiatuko da IV. Ondarru-Lekitto Kostaldeko Lasterketa. Lea-Artibain dagoen paraje ederrenetariko batetik igaroko da berriro ere. 17:30ean Ondarroako Itsasaurretik irten, pare bat kilometro herri barruan egin eta kostako bidetik Mendexa eta Berriatuko errepidean zehar Lekeitiora abiatuko dira korrikalariak. Lekeitio barruan beste kilometro eta erdi egingo dituzte partaideek Independentzia plazako helmugara arte.
Momentuz 161 korrikalarik eman dute izena, baina proba antolatzen duen Lekeitioko Tximista atletismo taldeak aurreko urteetako 196 korrikalariko kopurua gainditu dezaketela uste du. Izan ere, asko dira azken egunetan izena ematen ari direnak eta izena emateko aukera zabalik egongo da eguenera arte [irailak 26] herrikrosaren webgunean. Lasterketa egunean eta bezperan ezin izango da izenik eman.
“Badirudi eguraldi ona izango dugula lasterketarako. Korrikalari gehienei gustatzen zaien modukoa: ateri baina berorik gabe”, aitatu dute antolatzaileek. Jada prestaketa lanak abian dituzte, eta azpimarratu dutenez, eskualdeko herri gehienetako boluntarioen parte hartzea izango dute antolakuntzan: bidegurutzeak zaintzen, txosnako lanetan, atuna erretzen, hornidura puntuetan edariak banatzen, ibilbide guztian zamarrak edalontzi edo plastikoak batzen, korrikalari eta zozketatarako janaria ematen … “Jai handi bat izatea nahi dugu korrikalarientzat eta ikustera hurbiltzen diren denentzat ere bai. Goizean hasita, egun guztian zehar txosna bat edukiko dugu Lekeitioko plazan edari eta mokaduak saltzen bai eta umeentzako puzgarriak ere”.
Autobus zerbitzua. Urtero modura, autobus zerbitzua eskainiko dute Ondarroatik Lekeitiora, bai lasterketa hasi aurretik handik datozenentzako bai eta lasterketa ondoren partaideak Ondarroara itzuli ahal izateko. Lasterketara joateko lehen autobusak 15:30ean irtengo du Lekeitiotik eta hurrengoak 16:15ean. Autobusez Ondarroara bueltatzeko aukera 20:00 inguruan egongo da, sari banaketaren ondoren.
Dortsalak Ondarroako Itsasaurre enparantzan jaso beharko dituzte parte hartzaileek, eta irteera lekuan maleta gordeleku zerbitzua ere edukiko dute. “Lasterketa bukaeran Lekeition jasoko dituzte dagozkienak, dortsala erakutsita”. Bestalde, parte hartzaileek hornidura edukiko dute bidean zehar.
Tximistakoek aurreratu dutenez, iazko irabazleek baieztatu dute euren presentzia. Lasterketan egongo dira, beraz, Markina-Xemeingo Lide Azkue (1.08.40) eta Baionako Pierre Urruti (0.52.19). “Sailkapen orokorreko eta Lea-Artibai mailako sarietatik aparte, 200 euroko sari berezi bi egongo dira herri berdineko lehenengo sartzen diren 4 neska eta 4 gizonezkoen artean banatzeko”, gogoratu dute. Horrez gain, parte hartzen duten denen artean eskualdeko produktuen loteak zotz egingo dituzte.