Ortu bertikalen tailerra eta pintxo dastaketa, Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusian
Urriaren 12an, zapatua, ospatuko da aurtengo Urriko Azoka Nagusia. Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da, aldez aurretik.
Leartibai Garapen Agentziak antolatuta, ortu bertikalen tailerra eta pintxo dastaketa egongo dira urriaren 12an Markina-Xemeinen ospatuko den Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiaren baitan. Bi tailerrak Uhagon kulturguneko lorategian emango dituzte, doan. Hala ere, parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, Leartibai Garapen Agentziak horretarako prestatu duen estekaren bidez: Izena eman.
11:00etan hasiko da Ortu bertikalaren tailerra, eta 12:30etan egingo da pintxo dastaketa Peñaskal kooperatibaren eskutik. Antolatzaileek azaldu dutenez, ortu bertikala txiki eta nagusiei zuzenduta dago. “Boteila hutsetan tomate edota letxugak ereingo dituzte besteak beste”. Pintxo dastaketan, bestalde, Peñaskal kooperatibakoek harrera bat egingo dutela aurreratu dute. “Km 0 edota Slow food-ari buruzko informazioa eskainiko dute”.
Horrez gain, Markina-Xemeingo azoka egongo den espazioan, informazio puntu bat ezarriko dute, eta aurten, Uribe eta Busturialdeko informazioa ere helaraziko dute.