Carmen Garai eta Markel Bizkarguenaga nagusitu dira Karraspioko Gazte Surf Zirkuituko hirugarren proban
14 urtez azpiko neska-mutilek eta 18 urtez azpiko neska-mutilek erakustaldia eman zuten zapatuan [irailak 28] Mendexako hondartzan. Surfean jarduteko baldintza ezin hobeak izan zituzten.
Markel Bizkarguenagak eta Carmen Garaik irabazi dute zapatuan [irailak 28] Mendexako Karraspio hondartzan jokatu den Euskalsurf Gazte Zirkuituko hirugarren proba. 18 urtez beherakoetan nagusitu ziren Gorlizko eta Sopelako surflariak. Euskal Herriko Surf Federazioak jakinarazi duenez, baldintza ezin hobeak izan zituzten surflariek olatuen gainean jarduteko. Karraspioko olatuetan onenak izan ziren bai eta ere, 14 urtez azpikoetan lehiatu zuten, Enara Palacios eta Keoni Lasa.
Ezker olatu bikainak egon ziren zapatuan eta 18 urtetik beherako lehiakideek gozatu ahal izan zuten. Haietako batzuek, gainera, tutu ederrak egin zituzten. Guztira, 34 surflarik parte hartu zuten Euskalsurf Gazte Zirkuituko proban. Sei neska egon ziren 14 urtez azpiko kategorian, eta beste sei 18 urtez azpikoan. Mutilei dagokionez, zazpik lehiatu zuten 18 urtez azpiko kategorian eta ostera 14 urtez azpikoan 15 lehiakide egon ziren.
Maila handia erakutsi zuten surflari gazteek, eta final berdinduak egon ziren batez ere mutilen kategoria bietan. 14 urtez azpikoetan Keoni Lasa eta Kai Odriozola neurtu ziren finalean eta 0,66 puntuko aldeagaz nagusitu zen Lasa. 18 urtez azpikoetan ere 0,6 puntuko aldea atera zion finalean Markel Bizkarguenagak bigarren geratu zen Iker Trigerori. Trigerok lortu zituen notarik onenak final laurdenetan eta finalaurrekoan, baina finalean Bizkarguenaga nagusitu zen.
Nesken 14 urtez azpiko kategorian Maren Del Campo Blanco gelditu zen bigarren, proba bikaina eginda, eta 18 urtez azpikoetan Mikele Beato Irulegi izan zen Garairen aurkaria finalean. Finalaurreko bikaina egin zuen Beatok, baina finalean gehiago izan zen Garai.
Mikel Abasolo Artzabal Surf Elkarteko surflari gazteak ere parte hartu zuen Karraspioko lehian. 18 urtez azpikoetan aritu zen Abasolo.
Euskalsurf Gazte Zirkuituko laugarren eta azken proba Plentzian jokatuko da, abenduan.