Alex Goitiandia markina-xemeindarrak AEBetan debutatu du
Dania Jai Alaiko frontoian jokatuko du 18 urteko pilotari gazteak.
Alex Goitia Markina-Xemeingo puntistak AEBetan jokatzeko ilusioa bete du. Dania Jai Alai pilotalekuan egin du debuta 18 urteko gazteak. Markina-xemeindarragaz batera debuta egin du bai eta ere Biarritzeko Johan Sorozabalek. Gazte biek AEBetan ibilbide luzea egin duten Diego Beaskoetxea euskaldunaren eta Charlie Medrano filipinarraren lekua hartu dute.
Markina-Xemeingo aurrelariak Alex izenagaz jokatuko du, eta 68 zenbakia eramango du, orain dela urte gutxira arte frontoi horretan jokatzen zuen Ricardo Solozabal aurrelari handiak eramaten zuen bera.
Goitiandia zesta-puntako profesional handiez osatutako familia baten hurrengo belaunaldia da, zesta-punta txiki-txikitatik bizi izan duena. Dania Jai Alai frontoian jokatzen du bai eta ere bere anaia zaharragoak, Iñaki Goitiandia 26 urteko aurrelariak. Iñaki Goitiandia Goitia Aulestiko atzelari handiaren semeak dira biak. Goitiak West Palm Beach, Newport, Bridgeport, Milford, Hartford, Mexico, Manila eta Euskal Herriko frontoietan jokatu zuen, besteak beste, eta titulu ugari irabazitakoa da: Urrezko eskularruak, Diez Barroso torneoak, Urrezko zestak, Euskal Herriko txapelketak… Horrez gain, aitaren aldeko beste osaba bi ere pilotari profesionalak izan dira: Alvaro Goitiandia eta Joaquin Goitiandia. Amaren partetik ere, badituzte puntista handiak senitartean. Izan ere, Alex Goitiandia Tomas Goiogana pilotari ezagunaren iloba da, eta osabak ditu bai eta ere Felix Espilla eta Juan Mari Mandiola izen handiko pilotari oihak.
Guztira, 36 puntistak jokatzen dute gaur egun Dania Jai Alaiko frontoian, gehienak Euskal Herrikoak. Goitiandia anaiez gain, Daniako pilotarien artean badaude beste markina-xemeindar batzuk ere: Ubilla, Zabala eta Salegi.
Aspaldi denboraldiak lau bat hilabete irauten zuen; 80ko hamarkadan urte osoan jokatzera igaro ziren, eta gaur egun frontoia itxita egoten da udan bi hilabete eta erdi.