Arantza Zulueta Zaballako espetxean sartu da
Bost hilabete egin beharko ditu espetxean. Elkarretaratzeak deitu ditu 47ak Herrian plataformak. Bihar [urriak 2] egingo da elkarretaratzea Lekeitioko Eskolapean.
Zaballako (Iruña Oka, Araba) espetxean daude atzotik [irailak 30] Arantza Zulueta eta Jon Enparantza. 11/13 makroepaiketaren epai irmoa jaso ostean, atzo arratsaldean sartu ziren Zaballako espetxean. Biek beste 5 hilabete eman beharko dituzte bertan, otsailera arte egongo dira.
47ak Herrian plataformak zabaldutako ohar batean jakinarazi duenez, irailaren 30ekoa data sinbolikoa da. Izan ere, 2013ko irailaren 30ean gauzatu ziren 11/13 makroprozesuko lehen atxiloketak.
Enparantzari eta Zuluetari euren “maitasuna eta elkartasuna” adierazi diete plataformako kideek, eta horregaz batera, “euren eskubideen errespetua, bizi baldintza duinen aldeko aldarria eta euren kontrako inolako salbuespeneko neurririk ez aplikatzea” eskatu dute. “Ez eurei, ezta Espainiako Estatuan zehar sakabanatuta dauden bestelako euskal presoei ere ez”.
Euskal jendarteak ez duela sufrimendu gehiagorik nahi eta giza eskubideen alde, askatasunen eta etorkizun kolektibo hobe baten aldeko hautua egiten duela esan dute. “Sakabanaketa, urruntzea, senideen aurkako zigor erantsia, espetxe barruan ematen diren banaketak, isolamendua, lehen graduak, gaixo dauden presoak espetxean mantentzea edo zigorren luzapena eskubide urraketa larriak dira eta sufrimendua eragiten dute”.
Eta beraz, espetxeak husteko garaia dela adierazi dute. Horregatik, soluzio agenda baten beharra aldarrikatu dute, “indarrean dagoen kartzela politika errotik aldatu eta preso zein iheslarien etxeratzeko bidea ahalbidetu dezakeena”. Garaia dela diote “zauriak sendatzeko eta oraindik ere ematen diren eskubide urraketekin amaitzeko”.
Horrela, Arantza Zulueta eta Jon Enparantzaren espetxeratzeak salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte biharko [urriak 2]. Bilbon, Arriaga antzokiaren aurrean, Lekeitioko Eskolapean eta Donostiako Antiguo auzoan egingo dira elkarretaratzeak, 19:00etan.