Asturiasera egingo dute irteera Aulestiko San Blas Elkarteko kideek
Urriaren 9tik [eguaztena] 10era [eguena] egingo dute irtenaldia hirugarren adinekoen eta pentsiodunen elkarteko kideek. 17 lagunek eman dute izena, baina oraindik joateko asmoa duenik badago, aukera izango duela adierazi dute antolatzaileek.
Aulestiko San Blas hirugarren adinekoen eta pentsiodunen elkarteak Asturiasera bi eguneko irteera egingo du, urriaren 9tik [eguaztena] 10era [eguena]. 17 pertsonek eman dute izena, eta horretarako epea irailaren 27an bukatu bazen ere, oraindik joateko asmoa duenik badago, aukera izango duela adierazi dute antolatzaileek, Marisabeleri (946279206) edo Mari Estherreri (946279098) deituz.
08:00etan batuko dira eguaztenean parte hartzaileak Torrezelain, eta Ribadesella bisitatuko dute lehenik. Bertan bazkaldu eta Oviedora joango dira arratsaldean. Hotelean afaldu aurretik, “bakoitzak nahi duena egiteko” denbora librea izango du.
Eguenean, bestalde, Oviedoko alde zaharra bisitatuko dute elkarrekin, eta Naranco mendira igoko dira ostean. Arratsaldean, Cabo Peña lurmuturrera joango dira Luanco herrian bazkaldu berritan. Aulestira itzuli aurretik Llanesen eta Castro Urdialesen geldialdi bana egingo dute.
San Blas elkarteko kideek jakitera eman dutenez, lehendik ere izanak dira Asturiasen, baina “txango laburra” izan zenez, “toki asko ikusi gabe utzi” zituzten. 20 lagunetik gora elkartzea espero zuten, eta izena emandakoak gutxiago izan direla ikusita “irteera bera kolokan” zegoela onartu dute. Hala ere, animatu eta bigarrenez joango dira Asturiasera.